Aurtengo hirugarren hiruhileko datuak argitaratu berri ditu Eustatek. Hiru lurraldeetan aurreko hiruhilekoan baino 5.400 langabe gutxiago daude, guztira 152.300, horietatik 80.300 gizonezkoak (bigarren hiruhilekoan baino 7.700 gutxiago) eta 72.000 emakumeak (2.200 gutxiago). Langabezia tasa %14,7koa da, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gutxiago. Langabe jaitsiera handiena Gipuzkoan gertatu da (-2.700), eta %12,2ko langabezia tasa dauka lurraldeak. Arabak 2.300 langabe gutxiago ditu, eta %14,7ko tasa; eta Bizkaiak 400 langabe gutxiago ditu hirugarren hiruhilekoan, eta %16,2ko langabezia tasa. Eurostaten arabera, EBko langabezia tasa %9,5ekoa zen abuztuan, beraz, hiru lurraldeak urruti daude EBko batez bestekotik.
Industrian, 1.000 lanpostu berri
Langabezia jaitsi arren, landun kopuruak ere behera egin du bigarren hiruhilekotik hirugarrenera. Irailean 885.600 okupatu zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru hilabete lehenago baino 3.700 gutxiago (-%0,4). Lana galdu dutenetatik 2.800 gizonak dira, eta 900 emakumeak. Sektoreka, zerbitzuetan 3.100 lanpostu desegin dira, lehen sektorean 1.400, eta eraikuntzan 200. Industrian, berriz, pasa den ekainean baino 1.000 lanpostu gehiago zeuden irailean.
Okupazio tasarik handiena Gipuzkoak dauka (%66,5) ekainetik irailera %0,8 txikitu arren; atzetik du Araba %65,8rekin (+%0,9), eta, azkenik Bizkaia %63,2rekin (+%0,4).
Eustatek 861.600 familia-etxe zenbatu ditu hiru lurraldeetan, eta horietatik 475.700 familia-etxetan kide guztiek daukate lana. Kide guztiak langabezian daude, berriz, 51.000 familia-etxetan.