Bosgarren hilabetez jarraian,Hego Euskal Herriko langabeziak goranzko joerari eutsi dio otsailean. Dena den, hazkundea ez da izan aurreko hilabeteetakoaren parekoa. Araba, Nafarroa eta Bizkaian, esaterako, %0,1az azpitik igo da. Baina, ez da joera bera nabaritu lau herrialdeetan, Gipuzkoan, urtarrilean baino 19 langabe gutxiago izan baitira.
Hilaren amaieran, 113.322 langabe zeuden izena emanda INEMeko bulegoetan, urtarrilean baino 324 gehiago, hain zuzen. Ondorioz, langabezia tasa ere zertxobait igo da, %8,41era iritsiz.Betiko moduan, otsailean erregistratutako hamar kontratutatik bederatzi aldi baterakoak izan dira. Guztira, 74.053 kontratu izenpetu dira eta horietatik 7.688 bakarrik izan dira mugagabeak. Urtarrileko datuekin alderatuz ez da aldaketarik nabaritzen kasik, soilik %0,2koa, betiere, aldi baterako kontratuen mesedetan. 25 eta 44 urte arteko gizon eta emakumeek sinatu dituzte kontratu gehienak, alde handiarekin. Aipatzekoa da, 25 urtez beherakoetan, askoz gizonezko gehiago hasi direla lanean. Aldiz, 45 urtetik gorakoetan, lanean hasitako emakumeen kopuruak aise gainditzen du gizonena.Hala ere, oraindik emakumeak dira langabetuen gehiengoa.Zehatz esateko, INEMek Hego Euskal Herrian dituen bulegoetan izena emandako hamar lagunetik sei. LAB sindikatuak Espainiako Gobernuak eginiko lan erreformei egozten die langabezia tasa etengabe igotzearen errua. Egun, Hego Euskal Herriko soldatapeko langileen %28 aldi baterako kontratupean daudela salatu du. Haren esanetan, Europako Batasuneko kopururik altuena da, eta batez bestekoaren bikoitza.
LANGABEZIA. Gutxi bada ere, langabeziak gora egin du Otsailean
Gipuzkoa da salbuespen bakarra, aurreko hilean baino 19 langabe gutxiago izan baitira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu