LANGABEZIA. INEMEN EMAITZAK. Lanpostuen galera bizkortu egin da urte hasieran, eta hamarreko muga pasatu du

INEMek emandako datuen arabera, biztanle aktiboen %10,66 daude lanik gabe, guztira 146.468 lagun

IKER ARANBURU - MIREN GARATE
2009ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Irailetik urrira 7.241 langabe gehiago. Urritik azarora 9.683 gehiago. Azarotikabendura 8.687 gehiago. Eta abendutik urtarrilera 12.875 gehiago; ehunekoetan, %9,63ko igoera. Edo, bestela esanda, lanean zeuden ehun langiletik bat. Hilabetez hilabete handitzen ari da lanik gabekoen kopurua Hego Euskal Herrian. Zazpi hilabetean jarraian egin du gora, eta gero eta azkarrago, gainera. Hala, dagoeneko 146.468 lagunen izenak daude INEM Espainiako Enplegu Institutuaren zerrendetan, eta denbora gutxian langabezia tasa teknikoa izatetik bi zenbaki edukitzera pasa da, %10,66ra hain zuzen.

Herrialdeka

Proportzioan, Nafarroan dago enplegu eskaerarik handiena, biztanle aktiboen %11,77 ari baitira lan bila. Herrialde horren egoera okertu da gehien azken urtebetean, eta azaroaz geroztik, Hego Euskal Herriko langabezia tasarik handiena berak du -azken urteetan beti Bizkaiak eduki izan du-. 2008ko urtarriletik aurtengora 12.610 langabe gehiago zenbatu ditu INEMek, hau da, %53,06 gehiago.

Eraikuntzak eta industriak pisu handia dute Nafarroan, eta horregatik izan du hainbesteko igoera langabeziak. Gauza bera gertatzen da Araban. Han, iaztik, %44,69 hazi da lanik gabekoen kopurua, eta tasa %10,32an dago. Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren sektoreak garrantzi txikiagoa duen arren, haietan ere asko handitu da langabezia, %34,80 eta %31,74 hurrenez hurrenez. Gipuzkoa da langabezia tasa %10etik behera mantentzen duen bakarra, %9,59koa baitu.

Sektoreak

Urtarrilak oso datu esanguratsua eman du: eraikuntzak 121 lanpostu baizik ez ditu galdu, hau da, %1 baino gutxiago. Gainera, Bizkaian 99 lagun gehiago ari dira sektore horretan lanean. Eraikuntzan lanik gabe geratutakoak 17.600 direnez (%12), horrek agian erakusten du sektorearen beherakada amaitu egin dela. Enpleguaren galera industrian (%10,6 gehiago) eta zerbitzuetan gertatu da (%10), eta hein txikiagoan nekazaritzan (%6,7). Espainian, kontrara, langabe berrien %8,6 eraikuntzak jarri ditu eta sektoreak biltzen ditu langabeen %18,2.

Atzerritarrak

Langabeziaren igoerak gehiago eragin die atzerritarrei bertakoei baino. INEMek emandako datuen arabera, nortasun agiri espainiarra ez duten 18.799 langabe daude Hego Euskal Herrian, hau da, langabeen %12,8. Horietatik 1.861 geratu dira lanik gabe abenduan. Horrek esan nahi du erritmo biziagoan ari direla lanpostua galtzen, urtarrilean langabezian izena emandakoen %14,4baitira. Azken hamabi hilabeteotako igoera euskal herritarrek izandakoaren halako bi da: %89 handitu da etorkinen langabezia.

Emakumeak

Orain artean lan faltak industriari erasan dio gehien, eta, sektore horretan gehienak gizonezkoak direnez, haien artean gehiago handitu da langabezia. Baina urtarrileko datuek erakusten dute joera aldatzen hasi dela. Urtarrilean %10,6 hazi da langabezia emakumeen artean eta %8,6 gizonen artean. Zerbitzuen sektorean enplegu asko galdu izanak eragin zuzena izan du.

Gazteak

Lanpostu egonkorra aurkitzeko zailtasun gehien gazteek izaten dute askotan. Halaber, kaleratzen aurrenekoak ere haiek izaten dira. Oraingoa ez da salbuespena izan. Abendutik urtarrilera %15,7 igo da langabezian geratu diren 25 urtez azpikoen kopurua; urtebetean, berriz, %69.

Kontratuak

Urtarrilean 68.309 kontratu berri zenbatu zituen INEMek Hegoaldeko lau lurraldeetan. Horietatik 6.684 ziren finkoak (%9,7) eta 61.625 aldi baterakoak. Azken horien kopurua nabarmen gutxitu bada ere (%41 EAEn eta %32 Nafarroan), gora egin du kontratu finkoenak: %21 EAEn eta %42 Nafarroan.

Langabezia sariak

Hego Euskal Herrian lanik gabe dauden hamar lagunetik seik jasotzen dute langabezia sariren bat. Guztira 87.783 dira, eta horietatik 64.722k langabezia sari arrunta jasotzen dute, beraiek kotizatutakoaren araberakoa. Batez beste 900 euro dira. Ia 22.000 lagunek subsidioa jasotzen dute -421 euro gehienentzat- eta milak baino gehiagok Gizarteratzeko Errenta Aktiboa. Datu horrek agerian utzi du langabeziaren neurketen arteko desorekak. Izan ere, INEMek dio 64.300 lagunek langabezia saria dutela EAEn, baina Eustatek 46.400 langabe baizik ez ditu zenbatzen.



Erreakzioak

«Gobernuek itxurazko neurri hutsalakhartzen dituzte»

ELA
«Langabeziaren datuak bertan behera utzi ditu gobernuek orain arte egindako aurreikuspenak. Baina haiek beren ekonomia politikak aldatzeari uko egiten diote eta itxurazko neurri hutsalekin ordezkatzen dituzte».





«Non daude Nafarroan egiten duten 'apartheid'sindikalaren abantailak?»

LAB
«Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreko hilabetetik %9,4 igo da langabezia, eta iaztik, %35,3. Nafarroan, %10,4 eta %53. Non daude CCOOk eta UGTk Nafarroan egiten duten apartheidsindikalaren abantailak?».





«Elkarrizketa sozialerako mahaia sortzeko eskatzen dugu»

Euskadiko CCOO
«Egoerari aurre egiteko diagnostiko bat eta adostutako neurriak behar ditugu.Horregatik, berriz ere, Eusko Jaurlaritzari elkarrizketa sozialerako mahaia sortzeko eskatzen dugu».





«Euskadiko datuak Espainiakoak baino hobeak dira»

Miren Azkarate
Eusko Jaurlaritzako bozeramailea
«Datuak kezkagarriak dira, baina ez dugu ahaztu behar non gauden. Iazkoekin alderatuta, Euskadiko datuak Espainiakoak baino hobeak dira».





«Enpleguari lagunduko dioten neurriak jarriko ditugu indarrean»

Miguel Sanz
Nafarroako presidentea
«Oso kezkatuta gaude langabeziarekin. Horregatik, enpleguari lagunduko diote neurriak jarriko ditugu indarrean, gaur egun daudenak osatzeko».





Heinekeneko langileekin biltzeari ezetz

Heinekeneko langile batzordeak salatu du Nafarroako Lan kontseilariak uko egin diola eurekin biltzeari. Multinazionalak itxi egin nahi du Aranon duen lantokia, eta enpresaren egoeraz hitz egin nahi dute langileek harekin. Haien esanetan, argi geratu da Gobernua enpresaburuen alde dagoela.





33

Tenneco. Motelgailuak egiten dituen Ermuko (Bizkaiko) enpresak, Tennecok, 33 eguneko enplegu erregulaziorako dosierra aurkeztu du. 600 bat lagunek egiten dute lan han, eta horietako ia gehienei eragingo die neurriak, 574ri langileri hain zuzen.





Inepsako langileek greba hasiko dute astelehenean

Inepsa Trelleborg enpresak 360 langile zituen maiatzean. Lehenik, behin-behinekoak kaleratu zituen, eta urtarrilean gelditzen ziren 245 langileetatik 91 kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztu zuen. Hori ikusita, astelehenetik aurrera greba mugagabea egitea erabaki dute langileek.





90

Peapsa. Zamudioko (Bizkaia) Peapsa enpresak enpresa ixteko asmoa du. Enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du 90 langileentzat. Onartzen badiote, gero, langileen erdiekin lan sozietate anonimoa eratzen saiatuko da, langileek eurek jarrita dirua.





Zorrak ordaindu ezinda, itxi egingo du enpresa Catalanek

Hamabi milioi euroko zorra du Transportes Catalanek. Lana jaitsi egin zaio, eta ezin du ordaindu. Ondorioz, Irunen (Gipuzkoa) duen lantokia ixtea erabaki du. 31 langile aritzen dira han egun, eta enpresak gaur zehaztuko ditu enple- gua erregulatzeko dosierraren baldintzak.





Sakanan izan den lanpostu galera salatu du LABek

Urritik %40 handitu da langabezia Sakanan, baina LABek dio gehiago izan litekeela. Hydro, Eguzki, Omnia, Conersa, Zapardi eta Recindsak erregulazio dosierrak aurkeztu dituzte, eta 98 lanposturen galera ekar dezakete. Behin-behineko beste ehun kontratu eten dituzte hainbat enpresak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.