Behera egin du langabezia tasak Hego Euskal Herrian abenduan, Espainiako Enplegu Ministerioak gaur eman dituen datuen arabera. Azaroarekiko, 7.116 langile gutxiago zeuden langabezian, eta 2013. urte osoko datuek ere langabezia tasaren beheranzko joera adierazi dute; 2.165 behargin gutxiago zeuden iragan abenduan langabezian 2012ko abenduan baino.
Urteko datuei erreparatuta, soilik Araban egin du gora langabe kopuruak; 214 behargin gehiago zeuden lanik gabe 2013 amaieran 2012 bukaeran baino. Txanponaren beste aldean amaitu du urtea, ordea, Gipuzkoak; iazko azaroarekiko %5,28 jaitsi da langabe kopurua, eta 2012ko abenduarekiko, berriz %2,26 apaldu da tasa.
Datuak
Araba: abendu bukaeran, 26.798 langabe.
Azarotik, -896 (%-3,24); 2012ko abendutik, +214 (+%0,80).
Bizkaia: abendu bukaeran, 93.964 langabe.
Azarotik, -3.834 (-%3,92); 2012ko abendutik, -847 (-%0,89).
Gipuzkoa: abendu bukaeran, 46.612 langabe.
Azarotik, -2.596 (-%5,28); 2012ko abendutik, -1.076 (-%2,26).
Nafarroa: abendu bukaeran, 51.488 langabe.
Azarotik, +210 (+%0,41); 2012ko abendutik, -456 (-%0,88).
Hego Euskal Herria: abendu bukaeran, 218.862 langabe.
Azarotik, -7.116; 2012ko abendutik, -2.165.
Pedro Azpiazu Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaileak, ordea, gogorarazi du erregistratutako langabezia jaitsi bada ere benetan lanean ari direnen kopuruak ez duela gora egin. "Kosta egiten zait sinestea langabezia hainbeste jaitsi denik ekonomian izan den beherakadarekin. Ekonomia hazten ez bada, ez da posible lana sortzea".
RNE Espainiako irrati katean egindako elkarrizketan gogorarazi du erregistratutako langabeziaren beherakadaren atzean beste herrialde batzuetara joandakoek eta formakuntza ikastaroetan daudenek utzitako hutsunea egon litekeela. Azken horiek ez dituzte langabetzat jotzen Espainian, formakuntza egoran daudela argudiatuta.
Afiliazioa ere, behera
Langabeziaren zerrendetan jende gutxiago egoteak, ordea, ez du esan nahi jende gehiago dagoela lanean. Kontrakoa diote Gizarte Segurantzaren datuek, duela urtebete baino lagun gutxiago daudelako afiliatuta. Iazko azaroarekiko, 304 lagun gutxiago zeuden afiliatuta abenduan Hego Euskal Herrian. 2012ko abenduarekin alderatuta, berriz, urtebetean 17.031 lagun gutxiago daude afiliatuta Gizarte Segurantzan. Guztira, 1.121.886 lagun daude izena emanda Hego Euskal Herrian.