Hego Euskal Herrian 5.008 langabe gutxiago zeuden martxoan, 89.553 denera. Langabezia tasa %6,83koa izan zen eta behera egin zuen lau herrialdeetan, INEMen arabera. Aitzitik, sindikatuek kezkatuta segitzen dute joan den urte hondarrean beste langabe zenbatu zituztelako martxoan, eta urtarrilean baino 998 emakume gehiago zeudelako lan barik.
Kontratu berri guztien %91 behin behinekoak direla ohartarazi du UGTk. LABek, aldiz, urte arteko langabezia tasari heldu dio: %4,7 igo da Nafarroan eta %1,4 Araban. Sindikatu abertzalearen hitzetan, abenduan baino 48 langabe gehiago zeuden martxoan eta, beraz, «poztasunari eutsi» behar zaio. INEMen estatistikek lanpostu eskatzaileen %9 kanpoan uzten dituztela kritikatu du, gainera.Estatistika horiek diotenez, Hego Euskal Herriko langabe guztien %58,1 emakumeak izan ziren martxoan: 52.082 guztira. Langabe gazteak (25 urtetik beherakoak), berriz, 10.098 izan ziren, langabe kopuru osoaren %11,2. Eta herrialdeka, Bizkaian jaitsi zen langabe kopurua gehien: INEMek 1.910 herritar gutxiago zenbatu zituen, Ikeak Barakaldon zabaldu berri duen denda erraldoiari esker, hein handi batean. Izan ere, 400 lanpostu zuzen sortu ditu, eta zeharkako beste 100.Dena den, langabezia gehiago jaitsi zen beste hiru herrialdeetan, kopuru erlatiboetan behintzat: %6,20 langabe gutxiago zeuden Araban, 9.626 denera. Nafarroan 18.087 herritarrek ez zeukaten lanik (%6,12 gutxiagok) eta Gipuzkoan 20.357 langabe zenbatu zituen INEMek, otsailean baino %5,93 gutxiago. Datuak datu, Euskadiko CCOOk salatu du langabe kopurua murriztu bai, baina enplegua «gero eta kalitate txarragokoa» dela: «Ulertezina da enplegu politika aktiboek prekarietatearen gaiari ez ikusiarena egitea». Areago oraindik, sindikatuak salatu du eraikuntza izan dela langabezia hazi den sektore bakarra, eta hori «enpresaburuen diru gosearekin» lotuta dagoela. «Ordaindu gabeko oporrak eman dizkiete beharginei».
LANGABEZIA. Langabeak bost mila gutxiago dira Hegoaldean eta tasa %6,8ra jaitsi da
Urte arteko bilakaera eskasa eta prekarietatea dira sindikatuen kezkak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu