Kontsolamendu bakarra dute administrazio publikoek. Joan den urteko urtarrila are eskasagoa izan zen. 2009ko urtarrilean 12.000 pertsona geratu ziren lanik gabe. Joan den urteko lehen hiruhilekoan lanpostu asko galdu ziren, oro har. Tarte horretan ia 26.000 langabe erroldatu ziren enplegu zerbitzuen zerrendetan.
Aurtengo lehen emaitzek antzeko joera erakusten dute. Hala ere, urteko lehen seihilekoan enpleguaren galera amaituko dela ziurtatu zuen atzo Celestino Corbacho Espainiako Lan ministroak. Eusko Jaurlaritzak antzeko mezua igorri zuen. «Espero dugu epe ertainera ekonomiaren susperraldia nabarituko dela, gure inguruko herrialdeetan gertatzen ari den bezala», azaldu zuen Javier Ruiz Enplegu, Formakuntza eta Gizarteratze sailburuordeak. Martxotik aurrera langabeziaren hazkundea gelditzea posible dela ziurtatu zuen haren sailak urte hasieran.
Arabak izan zuen igoerarik handiena. Aurreko hilabetearekin alderatuz, %7 handitu zen langabe kopurua. Langabezia tasari erreparatuz gero, ordea, Nafarroak %14koa gainditu du dagoeneko. Gipuzkoak tasa txikienari eusten dio, eta oraindik ez da iritsi populazio aktiboaren %12ra.
Zerbitzuetan galera
Enplegua hirugarren sektoreak galdu da, batez ere, urteko lehen hilabetean. Hain zuzen ere, zerrendetan izena eman duten hamar lagunetik zortzi zerbitzuen sektorekoak ziren. Langabe guztietatik %60 hirugarren sektorekoak dira, eta jarduera horrek BPGan duen pisuarenia parean dago kopuru hori. Aurreko hilabetearekin alderatuz, sektore guztietan igo da langabezia.
Urtearen hasierak, bestalde, emakumearen enpleguari kalte egin dio. Hala, urtarrilean lanik gabe geratu ziren pertsonetatik bi herenak emakumeak ziren. Gaur egun, beharrik gabe dauden gizonen eta emakumeen kopuru orokorrak oso antzekoak dira. Hori bai, emakumeen langabezia tasa oraindik ere gizonena baino 2,4 puntu handiagoa da, aktiboak gutxiago direlako.
Kontratazioak datu kezkagarriak utzi zituen. Aurreko hilabetean baino 7.600 kontratu gutxiago sinatu ziren. Joan den urteko hilabete berean baino ia 2.000 gutxiago izan dira, halaber. Aldi baterako kontratuak sinatzen diren guztietatik %92 dira.
Espainiako enplegu zerbitzu publikoek emandako datuen arabera, langabezian dauden pertsonetatik bi herenak ordainsariren bat kobratzen ari dira. Gehienak, %42, kotizatutako langabeziari dagokiona jasotzen ari dira. Aldiz, Hegoaldean 61.600 langabek ez dute inolako ordainsaririk eskuratzen.
Urtarrileko langabeziaren datua ez dela ona izan onartu zuten eragile guztiek. Maravillas Rojo Enpleguaren estatu idazkariak azaldu zuen joera ez dela aldatu oraindik, eta heldu den ostiralean gobernuak lan merkatua hobetzeko aurkeztuko dituen proposamenetan egoera zuzentzeko neurriak egongo direla ziurtatu zuen. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren ustez, abenduan amaituko diren kontratazioen eta aurkeztu diren erregulazio eskaeren ondorioz izan da halako igoera langabezian.
Sindikatu guztiek enpleguaren egoera txarra dela salatu zuten. Sektore publikoak ekimena har dezala eta ekonomia bultza dezala eskatu zuen ELAk. LABen aburuz, agerian geratu da krisia ez dela guztientzat berdina. «Bankuetatik irabazien eta dibidenduen albisteak iristen diren bitartean, kaleko jendea estu dabil enplegu galeraren ondorioz».
Portuan protesta egingo dute Pride of Bilbaoko langileek
Hamazazpi urteren buruan, Bilbo eta Portsmouth lotzen dituen ferry ibilbidea bertan behera uzteko asmoa du P&O Ferries enpresak. Zerbitzua amaitzeko asmo horrek 252 langileen etorkizuna zalantzan jarri du. Gaur 11:00etan erabakiaren aurka portuan elkarretaratzera deitu dute ELAk eta LABek Bilboko.140
Ordainsariak. Langabezian dauden pertsonen ordainsariak finantzatzeko 140 milioi euro erabili zituzten enplegu zerbitzu publikoek joan den abenduan. Batez beste, langabezia saririk handiena Gipuzkoan jasotzen dute, 952 euro hilabete bakoitzeko.6.240
Afiliazioaren jaitsiera. Gizarte Segurantzan afiliaturik dauden pertsonen kopurua %1,34 murriztu zen Hegoaldean. Guztira, 16.240 pertsona gutxiagok kotizatu zuten urtarrilean. Joan den urteko urtarrilean baino 29.730 afiliatu gutxiago daude, halaber.«Urteko bigarrenseihilekoan amaituko daenplegu galeraren amesgaiztoa»
CELESTINO CORBACHO
Espainiako Lan ministroa
Greban, lanpostuak mantentzeko eskatzeko
Euskal Herrian material kirurgikoa egiten duen enpresa bakarra dago: Mutrikuko Metec-Motric. Bat eta bera arriskuan. Izan ere, hartzekodunen konkurtsora jo zuen enpresak joan den astean. 60 langile ditu, eta bideragarritasun plana egin ahal izateko horietako 30 sobran dituela dio. Lanpostuei eusteko eskatzen dute langileek, uste dutelako enpresak baduela etorkizuna. Hainbat protesta ari dira egiten. Besteak beste, zortzi eguneko greba egitera daude deituta. Horietako lau egin dituzte dagoeneko, urtarrilaren 28an eta 29an eta atzo eta herenegun. Hurrengo laurak otsailaren 11tik 16ra bitartean egingo dituzte. Manifestazioa ere egin zuten Mutrikun bertan, eta 300 pertsona inguru elkartu ziren. Gaur egun, erregulazioan daude langile gehienak, eta abenduko aparteko ordainsaria ere ez zuten kobratu. Ez dakite Lan Sailak noiz hartuko duen erabakia, baina gutxienean, eskaera bat egiten dute: norbaitek kalera joan behar badu, ahalik eta baldintza onenetan ateratzea. Orain, soldatak bermatzeko funtsak ematen diena soilik jasotzen dute erregulazioan dauden langileek.Langabeziak ez, baina langabezia sariak iraupen jakin bat izaten du. Erlojuaren aurkako lehian aritu behar izaten dute lan bila dabiltzanek, sarrerarik gabe bolada batean soilik bizi daitekeelako.
Denbora, langabeen etsai
A. Arzallus / M. Garate.Langabezia saria izaten da langabeei geratzenzaizkien kontsolagarri bakarretakoa. Baina hori ere ez da betiko. Hilabeteak dira krisiahasi zenetik. Denbora aurrera doa, eta lan merkatuak ez du hobetze seinalerik ematen. Dagoeneko asko dira enplegua ez ezik ordainsaria kobratzeko eskubidea galdu dutenak ere.
Leire Zabaleta azpeitiarra da, eta 25 urte ditu. Hamabost hilabete daramatza langabezian, eta badira hiru langabezia saririk jasotzen ez duela. «INEMera joan nintzen luzapen eske, baina ez zegokiala esan zidaten. Gurasoen etxean bizi naiz; aitak erretiro pentsioa jasotzen du, eta ama, berriz, lanean ari da. Horrelakoetan ez omen dute langabezia saria luzatzen».
19 urterekin hasi zen lanean Zabaleta. Lehendabizi, urtebetez, hotel batean aritu zen, sukaldariaren laguntzaile gisa. Gero, bi urtez, gozotegi batean jardun zen lanean. Kontratu finkoa eta guzti egin zioten, baina, baldintzak oso onak ez zirela eta, utzi egin zuen lana. Haren ostean, altzari fabrika batean aritu zen, sukaldeko altzariak biltzen, baina kontratua bukatzean kalean geratu zen, enpresaren egoera ez baitzen batere ona. Berehala Burnikerren hasi zen, autogintza sektorerako piezak egiten.
Urtebete inguru egin zuen han, baina kontratua bukatzeko hilabete eta erdi falta zitzaiola, enpresak kontratua eten, eta kalera bota zituen Zabaleta eta beste lauzpabost langile, lan gutxi zegoela esanda. «Lan egindako hilabete bakoitzeko bi eguneko kalte-ordaina eman ziguten, hutsaren hurrena». Orduan, 2008ko azaroan, hasi zen langabezia saria kobratzen. «Lanik gabe geratu nintzenean curriculumak bidaltzen hasi nintzen batera eta bestera, baina ezer ez. Lan merkatua nola zegoen ikusita, etsi egin nuen, eta ikasten hasi nintzen berriro».
Azken hilabeteotan, hainbat ikastaro egin ditu, curriculuma osatze aldera, eta lanik gabe jarraitzen badu, haur hezkuntzako goi mailako titulua ateratzen hasiko da datorren ikasturtean. «Gauza nola dagoen ikusita, badakit ez dela erraza izango ganorazko lan bat topatzea. Zerbait egokitu bitartean, ikasten jarraitzea dut onena». Hamabost hilabeteotan ez du INEMeko dei bakar bat ere jaso, ez diote lan eskaintza bakar bat ere egin. «Burnikerretik bakarrik hots egin didate bi edo hiru aldiz, astebeterako lanak eskaintzeko, baina ezekoa eman diet».
Urte eta erdi zain
Unean uneko lan batzuk ateratzen zaizkio Iban Cabezon gasteiztarrari ere, baina hortik aparte ezer gutxi. 24 urte ditu, eta ingeniaria da ikasketaz. 2008ko uztailean amaitu zituen ikasketak, eta orduz geroztik dabil lan bila. «Elkarrizketak egin ditut, EHUko eta Mondragoneko lan poltsetan izena emanda nago, egunkariko eta Interneteko iragarkiak begiratzen ditut, baina ez dut ezer aurkitzen».
Ikasketekin zerikusia duen zerbaitetan lan egiteko aukera bakarra praktikak direla dio. «Urtebete pasatu nuen praktiketan, egun osoko lanagatik bostehun euro ordaintzen zizkidaten». Halakoetan enpresak gazteez baliatzen direla uste du. «Baldintzak oso-oso txarrak dira. Ez nago prest horrela lan egiteko». Antzeko egoeran daude Cabezonen ikaskideak ere. «Batzuk praktiketan ari dira, eta besteak ingeniaritzarekin zerikusirik ez duten lanetan». Etorkizunera begira ere, gauzak beltz ikusten ditu. «Sistema honekin, ez dut aukera onik ikusten nire belaunaldiarentzat».
Cabezonen adin berbera du Iker Lasaga beratarrak. Bost urtean Funveran lan egin ostean, kalera bota dute.2008an jarri zuen lehen espedientea enpresak. «Hasieran zati bat langabeziatik kobratzen genuen eta enpresak osatu egiten zuen. Azkenaldian, berriz, langabeziatik soilik». Bota egin dutenez, erregulazioan egon den tartean erabilitako lau hilabeteko langabezia saria berreskuratu du. Hala, abuztura arte jarraitu ahalko du kobratzen.
Ez du hipoteka eta seme-alabarik, baina lana galtzeak min egin diola azaldu du.«Ilusioa nuen, lan finkoa nuelako, eta, gainera, etxe ondoan. Bost urte igaro eta gero, jendearekin ere harreman handia neukan».Funveran egiten zuen lan aitak ere. Eta hura ere bota dute. «29 urte zeramatzan enpresan. Bidali dituztenen artean zaharrena da».
Itxaropena «kalean»
54 urte ditu Klaus Armbrusterrek. Sortzez Alemaniakoa da, eta hamar urte daramatza Euskal Herrian, azken bostak langabezian. Turismo sektorean eta itzultzaile lanetan aritu da, eta margo enpresa bat sortzen ere ahalegindu zen. Psikologia eta pedagogia ikasketak ditu. «Azkenean oinarrizko errentarekin geratu naiz», dio. 650 euro kobratzen ditu hilean. «Horrekin bakarrik ezin da aurrera egin, aurreztu egin behar da eta aparteko gasturik ez egin. Gurasoek ere ematen didate batzuetan».
Euskal Herrian lana topatzea Alemanian baino zailagoa dela dio. «Edozein eratako lana aurki daiteke, baina oso zaila da prekarioa ez den lana aurkitzea».Bila segituko duela dio, baina itxaropen gutxirekin. «Itxaropen bakarra kalean dago.Kalera joan behar dugu, gure egoera erakutsi eta borrokatu». Bera baino okerrago asko daudela dio. «Nik behintzat etxea dut, eta jana. Pribilegio txiki batzuk dira horiek».