Langabezia saria abuztuaren 1etik aurrera bukatu zitzaienek bakarrik zuten orain artean 420 euroko laguntza eskatzeko aukera. Epea zabaldu egin du orain Espainiako Parlamentuak, eta, atzotik, urte hasieratik prestaziorik gabe geratu diren denek dute laguntza berria eskuratzeko aukera.
Aurrez iragarri bezala, gehienez ere sei hilabetean eskuratu ahal izango da. Langabeei emango zaie, baina aurtengo urtarriletik datorren otsailaren 16ra bitartean saria bukatzen zaienei bakarrik. Era berean, laguntza jasotzeko beharrezkoa da hilean 468 euro baino diru sarrera txikiagoak edukitzea. Hau da, Espainiako lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 ez gainditzea hileroko sarrerek. Laguntzaren truke, eskatzaileak lanerako gaitasunak hobetzeko antolatutako ekintzetan parte hartu beharko du.
Adin muga ere jarri du Espainiako Gobernuak. 65 urtez azpikoek bakarrik edukiko dute laguntza jasotzeko aukera. Horrez gain, nabarmendu du behin soilik eskatu ahal izango dela.
Dokumentazioa etxera
Hurrengo egunetan jende asko joango dela enplegu bulegoetara aurreikusten dute. Tramiteak errazteko, laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituztenei etxera bidaliko zaie aurkeztu beharreko dokumentazio guztia. «Datu guztiak han agertuko dira, eskatzailearen sinadura soilik faltako da», zehaztu dute.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoen artean 1.640.000 euro banatzea erabaki du enplegu bulegoek errazago eta azkarrago kudea ditzaten laguntzak. Diru sarrerarik gabeko langabeen kopurua kontuan hartuta egin du banaketa. 19.380 euro egokitu zaizkio Nafarroari.
Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari ez die dirurik eman, oraindik ez daukatelako enplegu aktiboen gaineko eskumenik. Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuaren arabera, neurriak ez du eragin handirik edukiko hiru probintzia horietan, oinarrizko errenta jaso daitekeelako, eta hura kopuruz handiagoa delako. Aurten, 5.000 pertsona baino gutxiagori ematea aurreikusten dute. Irailera bitarte 1.266 pertsonak bakarrik eskatu dute.
Langabezia saria amaitu zaienek jada eska dezakete 420 euroko laguntza
Gehienez sei hilabetean jaso ahal izango da, eta beharrezkoa izango da 468 eurotik beherako diru sarrerak edukitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu