Aurreko urteko lehen hiruhilekoan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak %16,6ko langabezia tasa zuten, eta azken hiruhilekoan, %14,5koa. Beraz, urtebetean 2,1 puntu jaitsi da langabezia EAEn, Eustatek eman dituen datuen arabera. Abenduan 889.900 okupatu zeuden hiru lurraldeetan, irailean baino 4.300 gehiago, eta jarduera tasa %57,4 da (bi hamarren gehiago).
Okupazio handitze horrek emakumeei eragin die batez ere, aurreko hiruhilekoan baino 2.300 emakume landun gehiago baitago. Gizonezko okupatu berriak 1.900 dira. Lurraldeka, Bizkaian 2.700 okupatu gehiago dago; Araban 1.000 gehiago; eta Gipuzkoan 500 gehiago.
Sektoreei begira, berriz, zerbitzuetan aurkitu dute gehienek enplegua, 3.000 inguruk hain zuzen. Industriak ere enplegua eman du urteko azken hiruhilekoan; 1.200 okupatu gehiago dago sektorean; eta lehen sektorean 400ek aurkitu dute lana. Eraikuntzan, ordea, 200 okupatu gutxiago dago.
Horiek horrela, okupazio tasa altuena Gipuzkoak dauka, %67rekin (%0,5 gehiago azken hiruhilekoan); Arabak %66,5koa dauka (%0,7 gehiago); eta Bizkaiak %54koa (%0,8 gehiago).
Langabezia tasei dagokienez, Arabak %14,1ekoa dauka, %0,6 jaitsita azken hiru hilebeteetan; Bizkaiak %15,8, %0,4 jaitsita; eta Gipuzkoak %12,6, %0,4 igota irailetik abendura. Gizonezkoen langabezia tasa EAEn %15,0 da (%0,3 igo da), eta emakumezkoena %14,0 (%,7 jaitsi da).