Langabezia tasa %6,44koa da Hegoaldean, INEren arabera

Hirugarren hiruhilekoan langabezia %66,83 hazi da Nafarroan eta %21,5 Bizkaian

jakes goikoetxea
2008ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian iaz baino 12.400 langabe gehiago zeuden irailaren amaieran. Aurtengo bigarren hiruhilekoan baino 12.700 gehiago. Guztira 89.400 langabe daude bertan, eta langabezia tasa %6,44koa da, Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) emandako datuen arabera: %7,78koa da Bizkaian, %7,09koa Nafarroan, %4,80koa Gipuzkoan eta %4,24koa Araban.

Duela urtebeteko datuekin alderatuta, 9.900 gizon gehiago eta 2.600 emakume gehiago daude langabezian. Emakumeen langabezia tasa %7,62koa da, eta gizonena, berriz, %5,53koa.

Langabeziak sekulako hazkundea izan du Nafarroan: aurtengo hirugarren hiruhilekoan bigarrenean baino 4.800 langabe gehiago daude, %27,32 gehiago; iazko datuekin alderatuta, 8.900 pertsona gehiago daude langabezian, %66,83 gehiago. Bizkaian langabezia %21,5 handitu da aurreko hiruhilekoaren aldean.

Sexuari dagokionez, langabezia %26,5 igo da gizonetan eta %8,9 emakumeetan. Eraikuntzan 9.000 lanpostu galdu dira azken hiruhilekoan.

Eustatek, EAEko estatistika erakundeak, astelehenean eman zituen langabeziari buruzko datuak, eta alde handia dago Eustaten eta INEren datuen artean: Eustaten arabera, langabezia tasa %3,5ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; INEren arabera, aldiz, %6,27koa. Eustatek dioenez,35.500 langabe daude; INEk dioenez, aldiz, ia bi aldiz gehiago: 67.300.

Aldea ikusita, UGTk zenbakiak «itxuraldatzea» leporatu dio Eusko Jaurlaritzari: «Nabarmena da Eustaten zenbakia errealitatetik urrun dagoela, EAEn 56.000 lagunek kobratzen baitituzte langabezia prestazioak».

LABek eta CCOOk ohartarazi dute krisia hasi dela Euskal Herriko ekonomia produktiboan eragiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.