LANGABEZIA TASA. Hegoaldean 15.600 langabe gutxiago

Langabezia tasa %8,3ra jaitsi da urteko bigarren hiruhilekoan

Erredakzioa
2004ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Urteko bigarren hiruhilekoan Hego Euskal Herriko biztanleria aktiboaren %8,3 langabezian zela jakinarazi zuen atzo INE Espainiako Estatistika Institutuak. Hiru hilean behin egin ohi duen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, apiriletik ekainera bitartean urteko lehen hiruhilekoan baino 15.600 langabe gutxiago zeuden. 104.000 langabe, orotara. Okupatuen zenbatekoa, berriz, %0,69 igo zen.

Langabezia tasarik handiena Bizkaikoa izan zen. INEren arabera, biztanleria aktiboaren %11,40 lan bila ari zen. Izan ere, Bizkaian zegoen langabe kopururik handiena, 58.700 lagun. Nafarroan, berriz, txikiena: %4,71koa zen langabezia tasa. %6,31 eta %8,26 ziren, hurrenez hurren, Gipuzkoako eta Arabako langabezia tasak. Hego Euskal Herriko jarduera tasarik handiena, berriz, Arabakoa zen, %61,01ekoa.Biztanleria aktiboa 100.000 lagunetan murriztu zen. Urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero, %0,69 gehiago zirenHego Euskal Herriko okupatuak. Langabezia, berriz, 13,02 puntu murriztu zen. Hazi egin da, ordea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabezia tasa, datuak joan den urteko tarte berarekin alderatzen baditugu, bederen. Izan ere, %2,74 langabe gehiago zenbatu zituen INEK. Nafarroan, aldiz, murriztu egin da proportzioa, %0,9, zehazki.Herrialde guztietan handiagoa izan zen emakumezkoen langabezia tasa gizonena baino. Beraz, txikiagoa zen emakumeen jarduera tasa. Gizonezkoen jarduera tasa %65,76 eta %68,65 bitartekoa zen, emakumeena, berriz, %42,15 eta %53,29 bitartekoa. Araban emakumeen %53,29 lanean ziren. Bizkaian %42,45ekoa zen proportzioa.Izan ere, Bizkaiko emakumeen langabezia tasa zen handiena, %13,11koa, alegia. Araban gizonen %4,54 langabe ziren, %9,12 Gipuzkoan eta %9,57 Bizkaian.Espainiako langabezia tasa, berriz, %10,93koa zen urteko bigarren hiruhilekoan. Bitarte horretan 71.600 langabe gutxiago zenbatu zituen INEk, 2.092.600 orotara.

2003ko emaitzen azpitik

LABen iritziz, «bigarren hiruhilekoko datuak, orokorrean, nahiko baikorrak dira. Baina kontuan izan behar da lehen hiruhilekoa oso txarra izan zela». «Konparazioek engainatu egin» dezaketela ohartarazi zuen. LABek gogorarazi zuenez, urtarriletik martxora bitartean 10.600 beharginek lana galdu zuten eta «oraindik ere, datuak 2003. urte amaierakoak baino kaskarragoak dira». Emakumezko eta gizonezkoen arteko desberdintasunak salatu zituen sindikatuak.

Euskadiko CCOOk ohartarazi zuenez, «langabeziaren murrizketak ez luke eragin behar laneko benetako arazoak ahaztea». Loli Garcia Enplegu ordezkariaren arabera, «laneko defizit handiak oraindik konpontzeke daude».UGTk «enpleguaren kalitate eskasa» salatu zuen, «nahiz eta joan den urteko joerak aldatu diren». Javier Bermejo Ekintza Sindikaleko ordezkariaren arabera, «oso kezkagarria» da behin-behineko kontratuen proportzioa ez murriztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.