Krisi garai honetan lanpostuak egunero desagertzen dira Hego Euskal Herrian. Azken aldian, baina, joera horrek gero eta erritmo biziagoa hartu du, eta dagoeneko %10eko tasa gainditu du, INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako azken datuen arabera. Zehazki, %10,35ean geratu da tasa urteko lehen hiruhilekoan, eta 141.000 dira guztira lanik gabe dauden pertsonak.
INEk hiru hilabetean behin ematen ditu langabeziaren datuak, eta hiruhileko batetik bestera nabarmen handituz doa langabeen kopurua. Urritik abendura 24.200 pertsona geratu ziren lanik gabe, eta aurten, urtarriletik martxora, 27.400. Denbora tarte berdina, baina langabe kopuru nabarmen handiagoa: orain, 141.000 langabe badaude, iaz 113.600. Iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, tartea oraindik eta gehiago handitu da: %44. Iaz, 77.900 langabe zeuden.
Krisiak beste joera bat ere hautsi du, orain gizonezkoen artean lanpostu gehiago galtzen ari dira: 2008ko azken hiruhileko gizonezko langabeen tasa %7,49an geratu zen, eta orain %9,77raino igo da. Hala ere, oraindik emakumezkoen tasak gizonezkoenaren gainetik segitzen du: %11,09.
Lurraldeka begiratuz gero, krisiak eragin handiagoa dauka Bizkaian: %11,47raino igo da langabezia tasa. Tasarik txikiena, berriz, Gipuzkoak dauka, %8,91, baina gainontzeko lurraldeen antzera igo da langabezia bertan:17.200 langabe zituen lehen, eta 30.800 ditu urtebete pasatu eta gero.
Joera hori azpimarratuz, pertsona aktiboen kopuruak ere behera egin du: 1.372.800etik 1.361.900era.
Arrazoi nahikoa grebarako
ELAren ustez, INEk emandako datu horiei begiratuta, arrazoi «sobera» daude datorren maiatzaren 21ean greba egiteko. Langabezia tasa Europako Batasunean baino lau aldiz gehiago handitzen ari dela nabarmendu du, eta hori behin-behinekotasunaren ondorio «garbia» dela iritzi dio.
LABek patronalak eta indar politikoak egin ditu egoeraren erantzule: «Irabaziei, galerei buruz hitz egiten ari diren bitartean, gu lanpostuen desagertzearen odolustua ari gara sufritzen», azaldu du. Aktiboen tasaren jaitsiera ere nabarmendu du sindikatuak, eta «lan merkatuan sartzeko gizarteak duen zailtasunaren eta frustazioaren isla» dela adierazi du.
Aktiboen tasaren jaitsieraere izan du hizpide EuskadikoCCOOk, eta horren ondorioz jendea lan merkatutik ateratzen ari dela eta azpiko ekonomia handitzen duela iritzi dio. Emaitzak, oro har, «iskanbilatsuak» izan direla uste du, eta egoera larritzat jo du: «Oraindik ez zaio egoerari modu arduratsuan aurre egin, eta jadanik gure ekonomiako sektore garrantzitsuei ari zaie eragiten, hala nola industriari eta zerbitzuei».
INE kontuan hartuta, hilabete honetan hiru langabezia daturen berri eman dituzte, INEMek eta Eustatek ere eman baitituzte. Eustatekin ditu antzekotasun gehien INEk, biek ala biek, inkesta bidez ateratzen baitituzte emaitzak hiru hilabetean behin. Bien artean gehien ezberdintzen dituena eremua da, Eustatek soilik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak eman baititu. INEMek, berriz, hilabetean behin kaleratzen ditu, eta euren bulegoetan izena eman daukatenen kopuruaz baliatzen da horretarako.
Hiruren artean alde nabarmenak izaten dira. Eustatek eman ohi ditu langabezia daturik txikienak. Aste honetan emandakoen arabera, EAEn 77.800 langabe daude guztira, eta tasa, berriz, %7,7koa da. INEk 108.600 zenbatu ditu, eta INEMk 121.090. Oro har, INEMek ematen ditu datu altuenak. Martxoko azken datuen arabera, 159.401 langabe daude Hegoaldean, eta tasa %11,61ekoa da.
Lau milioi langabe Espainian
Euskal Herriko egoera samurra ez baldin bada, Espainiakoa oraindik eta okerragoa da. INEren arabera, 4.010.700 langabe daude, eta inoizko mailarik altuenera iritsi da. Horrek langabezia tasa %17,36raino igo du, Madrilgo gobernuak kalkulatutakoa baino 1,46 puntu altuagoa.
Datu horiek ezagutu ostean, Elena Salgado Ekonomia ministroak berak atera behar izan zuen azalpenak ematera, nahiz eta hori aurrez ikusita ez egon. Emaitzak «uste baino okerragoak» izan direla onartu du, baina apirilean langabezia motelago handituko dela iragarri du.
Oposizioak kritika gogorrak egin dizkio Gobernuari. PPko buru Mariano Raxoiren iritziz, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak gastu publikoa handitu, beste neurririk ez du hartu orain arte, eta gogorarazi zuen inbestitura saioan esan zuela langabezia tasa ez zela %11tik igoko. Cayo Lara IUko buruak, berriz, langabezia bost milioiko mailara ailegatuko dela aurreikusi zuen. CCOOko buru Ignacio Fernandez Toxo harago joan zen, eta «talde batzuen aldeko politikak» egiten jarraitzen badu greba orokorrera deituko duela esan zuen.
Langabezia tasak %10eko maila gainditu du
Urteko lehen hiruhilekoan 27.400 langabe gehiago zenbatu ditu INEk Hego Euskal Herrian, eta guztira, 141.000 dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu