Langabezia-tasak %3,5ean jarraitu du hirugarren hiruhilekoan EAEn

Araban eta Gipuzkoan, jaitsi egin da langabezia, Bizkaian, aldiz, 1.100 langabetu gehiago daude, Eustaten arabera

Erredakzioa
2008ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ekonomiaren krisiaren ondorioetako bat langabezia izaten da, baina, krisiak krisi, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tasa bera da urteko hirugarren hiruhilekoan: %3,5. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 1.100 pertsona gutxiago daude lanik gabe Araban, eta Gipuzkoan 100 gutxiago. Bizkaian, ordea, 1.100 langabe gehiago daude.

Eustat EAEko Estatistika Erakundeak, guztira, 35.500 langabe zenbatu ditu hiru lurralde horietan, Araban, 1.900 (%1,3), Bizkaian, 23.800 (%4,5), eta Gipuzkoan, 9.800 (%3).

Ekonomiaren egoerak eraikuntzaren, zerbitzuen eta nekazaritzaren sektoreak kaltetu ditugehien, guztietan gora egin baitu langabeziak: eraikuntzan, 5.500 pertsona gehiago daude lanik gabe; zerbitzuetan, 1.500; eta nekazaritzan, 200.

Aldiz, industriak jaso ditu, beste sektoreek galdu dituzten langileak: 7.800 lanpostu garbi sortu baititu epe horretan.

Emakume langabe gehiago

Datuek berriz ere emakumeek lana bilatzeko gizonek baino zailtasun gehiago dituztela erakutsi dute: aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 900 langabetu gehiago daude emakumeen artean; gizonezkoetan, aldiz, 900 gutxiago. Eustaten arabera, langabezia tasa % 3,8koa da emakumezkoetan, eta gizonezkoetan, 3,3koa.

Enplegatuen tasa igo egin da %0,1, eta 600 okupatu gehiago daude; orotara, 971.400. Araban igo dira gehien - 3.200-, eta Gipuzkoan ondoren -600-. Bizkaian, ordea, behera egin du: 3.100. Lurraldeka, Gipuzkoak du okupatuen tasarik handiena, %70koa; Arabak % 69,9koa du; eta Bizkaiak, %65,7koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.