Langabezia tasak ohi baino handiago izaten jarraituko duela dio Carlos Agirrek

Ekonomia hobetzen hasi dela ematen duen arren enplegu faltak hazkundeari traba egingo diola esan du

Erredakzioa
2009ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Baikor egoteko motiboak badaudela uste du Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, suspertze zantzuak agertzen hasi direlako. Baikor, baina etorkizuna begira bakarrik. Izan ere, haren esanetan, epe motzean «ohi ez bezalako langabezia tasa» izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Enplegu falta familia askorentzat «drama» izango dela azaldu du, eta horrez gain, ekonomiaren hazkundeari «traba» egingo diola.

Agirrek Bilboko Merkataritza Ganberaren urteko batzarrean egin ditu adierazpenak. Ekonomia suspertuko bada, beharrezkotzat jo du zerga pizgarriak mantentzea eta baita Administrazioak esku-hartzea ere. «Euskadi ahalik eta lekurik onenean kokatu behar dugu lurrikara hau amaitzen denerako», esan du. Bi oinarrizko faktore aipatu ditu horretarako: alde batetik, berrikuntza; eta bestetik, nazioarteratzea. Hala, aurrekontuetan berrikuntzara bideratutako diru kopura %9 hazi dela nabarmendu du.

Ekitaldi berean, Ignacio Mari Etxeberria Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak ere hitz egin du. Haren arabera, Alemaniako eta Frantziako hazkundeak mesede egingo dio EAEko ekonomiari, baina ez da aski izango, «hemengo ekonomiak Espainiakoarekin zerikusi handiagoa duelako». Krisiari aurre egiteko finantza erakundeak «kontzentratzearen» alde egin du.

Langabeziarekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak gaur onartuko du udalen bidez langabezian dauden 7.000 pertsona kontratatzeko plana. Bazterketa arriskuan dagoen jendeari dago zuzenduta proiektua. Hori dela eta, kontratua lortzeko beharrezkoa izango da langilea INEMen izena emanda egotea, langabezia saririk ez jasotzea eta enplegua aurkitzeko aparteko zailtasunak edukitzea.

Egindako kontratu bakoitzeko 1.500 euro jasoko dituzte udalek, baina Gemma Zabaleta Enplegu sailburuaren arabera baliteke laguntzak handiagoak izatea ere, «kontratuan kostuaren arabera». Langileek egun osoko lanaldia edukiko dute, gehienez ere sei hilabetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.