Prezioak ez ezik, urte hasierarekin langabeziak nabarmen egin du gora Hego Euskal Herrian. Urtarril amaieran 112.998 lagun zeuden izena emanda INEMeko bulegoetan, eta horrek esan nahi abenduan baino 7.316 langabe gehiago zeudela. Langabezia tasak ere gorakada handia izan zuen lau herrialdeetan. Hegoaldean, %8,4koa da, eta adierazgarria da Bizkaiko tasa %10etik gertu egotea.
Lau herrialdeetan igoera handia izan zuen INEMeko bulegoetan erregistratutako langabeziak: %5etik gorakoa denetan. Esanguratsua izan zen batez ere Araban langabeziak %11 gora egin izana. Langabeziak urtean zehar joera gorabeheratsua izan ohi du, eta urtarrilean normalean gora egin ohi du. Dena den, iragan hilabeteko igoera aurreko urteetakoa baino handiagoa izan da.
Lan munduan egongaiztasun handiena jasaten duten gizarte taldeen artean egin du batez ere gora langabeziak. Batetik, gizonezkoen artean %4,34 igo da, eta emakumezkoen artean bikoitza. Hala, gaur egun enplegu bulegoetan izena emanda duten hamar lagunetik sei emakumeak dira. Bestetik, 25 urte azpiko gazteen artean %12,5 handitu da langabezia, eta %18 emakume gazteen artean. Beti legez, urtarrilean erregistratutako hamar kontratutik bederatzi behin-behinekoak izan ziren. Guztira, 86.878 kontratu izenpetu ziren, eta horietatik 9.223 mugagabeak izan ziren. Dena den, kontratazio finkoak apur bat gora egin zuen urtarrilean: abenduan kontratuen %8 baino ez ziren izan mugagabeak, eta iragan hilean %11.
Langabezia benetan «handiagoa» da
LABek argi utzi nahi izan zuen INEMek emandako datuak baino «handiagoa» dela lanik gabe dauden pertsonen kopurua: «Duela 20 urteko Ministerioaren agindu batetik datoz erregistratutako langabezia zenbatzeko irizpideak, eta langabeziaren datuak faltsutzea eta apaintzea baino ez da horren helburua».
Adibidez, INE estatistika erakundearen datuak kontuan hartuta, 4.920 lagun gehiago daude lanik gabe Hego Euskal Herrian. Eta, horregatik, LABek uste du 118.000 lagun inguru daudela langabezian gaur egun.
CCOOk azpimarratu zuen emakumeek pairatzen dutela batez ere langabezia. Eusko Jaurlaritzaren «ikuspuntu baikorra» kritikatu zuen, «lan prekarietatearen arazo larriak daudela onartu arren, gizarte eragileak ez dituelako deitzen Enpleguaren Euskal Kontseilura».
Nahiz eta urtarrilean Foru Erkidegoan abenduan baino 1.156 langabe gehiago zenbatu ziren, Nafarroako Gobernuak nabarmendu zuen azken hiru urteetako langabezia txikiena egon dela. Jose Maria Roig Nafarroako Lan kontseilariaren arabera, urtarrileko igoera «aurreikustekoa da», ostalaritzako eta merkataritzako kanpainak amaitzen direlako, eta Administrazioko ordezkapenak ere bukatzen direlako. Espainian ere langabeziak gora egin zuen: abenduan baino 68.566 langabe gehiago zeuden izena emanda INEMen. Valeriano Gomez Espainiako Gobernuko Enplegu idazkari nagusiaren arabera, «normaltzat» jo daiteke igoera. Era berean, «pozgarria» da mugagabeko kontratazioa %33 igo izana.
LANGABEZIA. Urtarrilean 7.316 langabe gehiago izan dira
112.998 lagun daude izena emanda Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu