LANGABEZIA . Uztailean, 1.004 langabe gehiago Hegoaldean

INEMen datuei erreparatuta, aurreko hilabetea izan da langabeziak gora egin duen urteko lehenengoa

Erredakzioa
2004ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Langabeziak gora egin du uztailean Hego Euskal Herrian. INEMen arabera, 1.004 langabe gehiago zenbatu ditu azken hilabetean eta, guztira, 85.987 lagun daude lanik gabe. Hala, langabezi tasa %6,85era igo da. Uztaila izan da, izan ere, 2004. urtea hasi denetik langabeziak gora eginduen lehen hilabetea.

Lurraldeei erreparatuta, Bizkaia izan da langabeziak behera egin duen bakarra. 39.723 langabe zenbatu dira uztailean, ekainean baino 225 gutxiago, eta langabezi tasa %6,09koa izan da. Langabezia igo den probintzien artean, Gipuzkoan gertatu da igoerarik nabarmenena; ekainean baino 517 langabe gehiago daude, 20.065 hain zuzen, eta langabezi tasa %6,09an finkatu da. Nafarroan ere dezente igo da langabezia azken hilabetean: 16.997 langabe daude, ekainean baino 510 gehiago, eta langabezi tasa %6,60koa izan da. Azkenik, Arabak 9.202 langabe zenbatu ditu uztailean, ekainean baino 202 gehiago, eta langabezi tasa %6,06ra igo da.Emakumeen artean soilik igo da langabezia. 51.780 emakume langabe zenbatu dira Hego Euskal Herrian uztailean, ekainean baino 1.041 gehiago. Gizonezkoen artean, berriz, 37 langabe gutxiago egon dira, zehazki 34.207 ari dira lan bila.Adinaren arabera, hogeita bost urtetik gorakoen artean 76.687 langabe zenbatu dituzte, eta hogeita bost urtetik beherakoak 9.300 izan dira.Datu horiek ikusita, CCOO eta UGT sindikatuek nabarmendu dute uztailean Euskal Autonomia Erkidegoa «langabezia igo den Espainiako erkidego bakarrenetakoa» izan dela. Langabezia emakumeengan «igoera nabarmena» izan duela eta kontratu gehienak «behin-behinekoak» izan direla salatu dute. Horregatik, Gasteizko gobernuari, «lanari gogor ekiteko» eskatu diote.Espainian, berriz, behera egin du langabeziak. INEMek 1.585.175 langabe zenbatu ditu, ekainean baino 40.959 gutxiago, eta tasa %8,28koa da. Emakumeen tasa jaitsi da gehien, ekainean baino 27.237 gutxiago baitabiltza lan bila. Gizonezkoen tasak ere behera egin du, 13.722 langabe gutxiagorekin. Adinaren arabera, hogeita bost urtetik gorakoen zein beherakoen tasak behera egin du.Valeriano Gomez, Espainiako enplegu idazkariak uztaila «hilabete ona» izan dela esan du eta gero eta kontratu mugagabe gehiago sinatzen direla azpimarratu du. Miguel Arias Cañete PPko ekonomia bozeramaileak, berriz, langabeziaren jaitsiera «PPk jarraitutako politika ekonomikoaren emaitza» dela esan du eta PSOEko gobernuari «egiturazko erreformak» eskatu dizkio.

-

Datua



%92,08

Aldi baterako kontratuak: INEMen datuen arabera, uztailean Hego Euskal Herrian guztira 573.372 kontratu egin dira. Horietatik gehienak %92,08 aldi baterakoak izan dira, eta kontratu finkoak, %7,92 besterik ez. Nafarroan egin dira kontratu finko gehien: %10,06.

-

LANGABEZIA EUROPAN @:

Eurogunean langabezia bere hartan dago, %9an



Eurostatek atzo zabaldutako datuen arabera, Euroguneko langabezi tasa ekainean %9koa izan da, aurreko hilean bezala eta 2003ko ekainean baino bi hamarreko gorago. Europako Batasunean, aldiz, %9,1ekoa izan da maiatzean, iazko ekainean bezala.

Guztira, 12,7 milioi pertsona daude lanik gabe eurogunean eta 19,4 milioi EBn.Langabezi tasa handienak Poloniak, Eslovakiak, Lituaniak eta Espainiak dituzte, eta apalenak, aldiz, Luxenburgok, Austriak, Ziprek, Irlandak, Erresuma Batuak eta Herbehereek.EBn 25 urtetik beherakoen langabezi tasa %18,2koa izan da; Eurogunekoa, berriz, %17,5ekoa. Europako Batasunean langabezian dauden gizonezkoak %8,3 dira, eta emakumeen kasuan, %10. Polonian, Grezian eta Italian dago gazte gehien lanik gabe, eta Austrian, Irlandan eta Herbehereetan gutxien.2003ko eta 2004ko ekainen artean langabeziaren igoera handiena Suediak, Txekiar Errepublikak eta Holandak jasan dute.

-

Langabezia EBn



Luxenburgo, Austria4,2

Zipre4,4

Irlanda4,5

Erresuma Batua4,7

Herbehereak4,8

Danimarka, Hungaria5,9

Eslovenia6,4

Portugal6,5

Suedia6,6

Italia8,5

Belgika8,6

Txekia, Finlandia8,8

Malta8,9

Estonia9,0

Grezia9,3

Frantzia9,5

Alemania9,8

Letonia 10,5

Espainia 11,1

Lituania 11,4

Eslovakia 16,2

Polonia 18,9

Europako Batasuna 9,1

Eurogunea 9,0

Iturria: Eurostat



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.