Otsailean gora egin du langabeziak Hego Euskal Herrian. Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera, aurreko hilean baino 3.054 langabe gehiago daude. Guztira, 191.322 langabe daude.
Gehien Bizkaian igo da langabezia azken hilabetean: %1,97 egin du gora, eta 1.573 langabe gehiago daude. Igoera txikiena, berriz, Gipuzkoan jazo da: %1,05ekoa. Araban %1,51 egin du gora, eta Nafarroan %1,59. Iazko datuekin alderatuta, ordea, Bizkaiarekin batera (%8,22 gehiago), Araban ere igoera handia izan da (%8,24), eta iazko otsailean baino 1.693 langabe gehiago daude. Izan ere, Hego Euskal Herrian iazko datuen alderatuta ere datuak ez dira onak. 2010eko otsailean baino 10.409 langabe gehiago daude aurten.
Zerbitzuen sektorea, zigortuena
Sektoreen artean, zerbitzuena izan da zigortuena Hego Euskal Herrian, eta lurraldeka hartuta ere, sektore horretan izan da langabe gorakada handiena: Bizkaian 1.008 gehiago, Gipuzkoan 441, Nafarroan 412 eta Araban 224. Sektoreka azpimarragarria da industrian Gipuzkoan 117 langabe gutxiago daudela eta Nafarroan 72 gutxiago.
Datuak
Araba. Otsail bukaeran 22.247 langabe (urtarriletik +331, iazko otsailetik +1.693).
Bizkaia. Otsail bukaeran 81.303 langabe (urtarriletik +1.573, iazko otsailetik +6.177).
Gipuzkoa. Otsail bukaeran 41.906 langabe (urtarriletik +434, iazko otsailetik +443).
Nafarroa. Otsail bukaeran 45.866 langabe (urtarriletik +716, iazko otsailetik +2.096).
Hego Euskal Herria. Otsail bukaeran 191.322 langabe (urtarriletik +3.054, iazko otsailetik +10.409).