Langabeziak gora jarraitu du urrian, eta Nafarroari eragin dio bereziki

Aurreko hilabetean baino ia 2.900 langabe gehiago izan dira, baina afiliatu kopuruak ere gora egin du

Ivan Santamaria.
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Langabezia murriztu ezinik jarraitzen du euskal ekonomiak. Urrian ere gora egin zuen berriro, eta enplegu zerbitzu publikoek erroldatu zituzten lau langabe berrietatik hiru Nafarroakoak ziren. Hilabete batetik bestera %5 handitu da langabe kopurua Nafarroan. Gipuzkoan jaitsiera arina egon zen, eta Araban igoera oso txikia izan zen.

Hego Euskal Herrian langabezia erroldatuak goia jo zuen aurtengo apirilean, 196.000 langabe baino gehiagorekin. Ondoren, jaitsiera esanguratsuak izan ziren maiatza eta uztaila bitartean—15.000 langabe gutxiago—. Harrezkero, gora egiteko joera hartu du berriro, baina ez jaitsiera osoa ezabatzeko bezainbeste.

Urriko emaitzak ere azken hiru urteotako igoerarik apalena islatzen du. Haatik, udazkena eta negua nahiko txarrak izan dira krisia hasi zenetik, eta langabe kopuruak gora egin izan du urteko azken txanpan, batez ere abenduan eta urtarrilean. Irailarekin alderatuz gero, 2.848 lagun gehiagok eman zuten izena Lanbide eta Nafarroako enplegu zerbitzu publikoetako bulegoetan. Guztira, 187.372 langabe dituzte erroldatuak.

Igoera Nafarroan gertatu da, batez ere. Herrialde horretan langabeziak behera egiteko joerari eutsi dio urtearen joanean. Abuztuan, hain zuzen ere, 2010eko urte amaieran baino ia %4 gutxiago izatera iritsi zen. Haatik, irailean eta urrian %8 handitu da kopurua berriro. Nafarroako Merkataritza Ganberak aitortu du ez zuela horrelako daturik espero eta urriko emaitza «etsigarria» izan dela. «Urteko azken hiruhilekoa enpleguarentzat txarra izan ohi da, eta urrian izandako igoera ikusita, urtea hasi baino txarrago amaituko den seinale izan liteke», adierazi zuen ganberak. Irailarekin alderatuz, gainera, kontratuak %21 gutxiago izan zirela ohartarazi zuen.

Bi hilabete falta dira eta, enpleguarentzat aurreikuspenak ez dira onak. Ikusteko dago zorraren krisiak eta Europako ekonomia handien moteltzeak nolako eragina izango duten. Jaitsiera oso esanguratsurik ezean, hasi baino langabe gehiagorekin amaituko da urtea herrialde guztietan. Urtea hasi zenetik eta urrira arte hazkunderik handiena Arabak du (%8,2), eta atzean daude Bizkaia ( %5,5), Nafarroa (%4,09) eta Gipuzkoa (%1,9).

Krisia luzatzea eta langabeziaren iraupena ordainen estaldura higatzen ari dira, batez ere, langabezia ordainarena. Gaur egun, soilik langabeen %35ek kobratzen dute kotizatutakoaren araberako saria. 2009ko urrian kopuru hori ia hamar puntu handiagoa zen. Estaldura orokorra ere murriztu da iaztik, eta 77.000 pertsonak baino gehiagok ez dute inolako laguntzarik jasotzen.

Afiliazioa, gora

Gizarte Segurantzako afiliazioan aurkitu du Eusko Jaurlaritzak baikor izateko arrazoirik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ia 5.000 afiliatu gehiago izan ziren urrian. Nafarroan, aldiz, 750 gutxiago. Bere ardurapeko esparruan egindako «ahalegina» nabarmendu zuen Javier Ruiz Enplegu sailburuordeak: «Lanbide martxan jarri zenetik pertsona gehiago dabiltza lanean, afiliazioa igo da, eta langabe gutxiago daude».

Sindikatuentzat ez dago pozteko moduko arrazoirik. LABen ustez, ekonomiaren okertzeak ondorioak izango ditu. «Luze gabe enplegu galera handiagoak datoz». ELAk, berriz, ohartarazi zuen langabeziaren hazkundea azken urtean Europako batez bestekoaren gainetik dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.