Langabeziaren gorakada moteldu egin da bigarren hiruhilekoan

Nafarroan igoera nabarmena izan du, 5.900 langabe baitaude; Araban, aldiz, 1.100 langabe gutxiago daude

Donostia
2009ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Langabezia bigarren hiruhilekoan ez da aurreko hiruhilekoetan bezainbeste igo. Hala ere, langabe gehiago kontatzen segitu behar da, eta guztira, 7.300 gehiago dira Hego Euskal Herrian. Datu horien berri INE Espainiako Estatistika Erakundeak eman zuen atzo.

Apiriletik ekainerako tarte horretan, kontrako joerak izan dira herrialdeka: Nafarroan nabarmen igo da langabezia, eta aurreko hiruhilean baino 5.900 langabe gehiago daude. Aldiz, Araba da txanponaren kontrako aldea, 1.100 langabe gutxiago egon baitira. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, langabezia handitu egin da, baina aurreko hiruhilekoan baino gutxiago: 1.600 eta 1.000, hurrenez hurren. Horrenbestez, langabezia tasa %10,9an geratu da.

Hala eta guztiz ere, lau lurraldeak kontuan hartuta, ez da langabezia aurreko hiruhilekoetan bezainbeste igo. Urritik abendura 24.200 pertsona geratu ziren lanik gabe, eta urtarriletik martxora 27.400. Hein handi batean, udan sortzen diren lanpostuek moteldu dute langabeziaren gorakada azken hiruhileko horretan. Joan den urtean epe berean ere 1.300 langabe gutxiago zenbatu zituen INEk.

Aldea, ordea, nabarmena da orduko langabe kopuruaren eta oraingoaren artean: orduan baino 71.600 gehiago daude orain.

Okupatuen kopuruari dagokionez, aurreko hiruhilekoan baino 9.400 gutxiago daude oraingoan, 1.211.400 guztira.

«Kalitatea okertu»

Elkarrizketa sozialaren harira, «malgutasun handiagoa izateko eskakizunek lanpostuen kalitate eskasa okertu» egiten dutela adierazi du ELAk. Europako enpleguarekiko aldea handitu ere egiten dutela gaineratu du sindikatuak. LABek ere elkarrizketa soziala kritikatu du: «Patronalaren eskakizunak betetzera zuzenduta daude, krisia ordaintzen ari den langileen klasea albo batera utzita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.