Langabeziaren igoera egiaztatu du INEk, baina ez enplegu galera handia

Aurreko urtean baino 4.700 langabe gutxiago eta 12.100 okupatu gehiago zenbatu zituen 2010eko azken txanpan

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Neurgailu guztiak bat datoz: langabe kopuruak gora egin zuen Hego Euskal Herrian 2010. urteko azken hiruhilekoan. Enplegu zerbitzu publikoek eta Eustatek aurreratu zuten gisara, langabezia handitu zela egiaztatu du Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) ere. Kasu horretan, 7.800 langabe gehiago zenbatu zituen INEren Populazio Aktiboaren Inkestak Hegoaldean.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langabeziak eta enpleguak joan den urteko azken txanpan izan zuten bilakaerari buruzko polemika piztu zuten Eustatek argitaratu zituen datuek. Langabeziaren hazkunde nabarmena eta okupazioaren murrizketa esanguratsua agerian utzi zituen Eustatek. Eusko Jaurlaritzak emaitza horien fidagarritasuna zalantzan jarri zuen, eta «neurgailu objektiboagoek» beste errealitate bat islatzen zutela adierazi zuen Lan sailburuordeak, Javier Ruizek.

INEren emaitzek erdibideko egoera bat irudikatzen dute. Alde batetik, Eustatek iragarri zuen langabeziaren hazkundearekin bat datoz, kopuru antzekoekin, gainera. INEren inkestak 10.600 langabe gehiago zenbatu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta Eustatek, 11.700. Haatik, okupazioari buruzko datuak nahiko ezberdinak dira, joera bera izan arren. Eustatek ia 18.000 lanpostu galdu zirela ondorioztatu zuen, eta INEk, 1.500 baino ez.

Bi inkesten emaitzek azken hiruhilekoan «antz gehiago» dutela nabarmendu zuen Gemma Zabaleta Lan sailburuak, baina, hala ere, langabezia neurtzeko bi iturri izatearen inguruan «gogoeta sakona» eskatu zuen, datuak gizarteratzerakoan «distortsioak» sortzen direla uste baitu.

INEk langabe gehiago

Hasiera batean, langabezia eta okupazioa neurtzeko metodologia bera erabiltzen dute Eustatek eta INEk. Bi azterketen arteko alde nagusia laginaren tamaina da. Eustaten kasuan, 5.000 elkarbizitza unitate aztertzen dira, eta INEk, berriz, 3.500 ingururen datuak biltzen ditu. Luzera begira biek antzeko joera islatzen dute, baina datu zehatzetan ez dira ia sekula bat etorri.

Langabezia datu hobeak eman izan ditu Eustatek denboraren joanean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako 104.000 langabe eman zituen 2010eko azken hiruhilekoan, eta INErentzat 10.000 gehiago dira: 114.000. Langabezia erroldatua ez da inkesta, eta horren arabera enplegu bila 136.000 lagun ari ziren abenduan. Hego Euskal Herrirako datuak ere ezberdinak dira: 179.000 langabe izena emanda daude enplegu zerbitzu publikoetan, eta 150.000 islatzen ditu Populazio Aktiboaren Inkestak, orain dela urtebete baino 4.700 lagun gutxiago.

Zeresanik ez, Eusko Jaurlaritzak gehiago atsegin du INEk irudikatu duen errealitatea. Zabaletaren aburuz, datu txar «bakarra» langabeziak izan duen igoera da, baina 2009. urteko itxieran baino %6,6 langabe gutxiago izan direla nabarmendu zuen. Era berean, okupatutako pertsonen kopurua azken seihilekoan egonkorra izan dela azpimarratu zuen sailburuak. 2009. urteko abendutik 2010. urteko abendura 14.600 okupatu gehiago kalkulatu ditu inkestak.

Sindikatuen kritikak

Datuekin baikor azaldu arren, zuhurtzia eskatu zuen Lan sailburuak, oraindik ere langabeziaren egoera «oso kezkagarria» delako. «Familia askok langabezia pairatzen dute, eta hori beti da gogorra», Zabaletaren hitzetan.

Euskal sindikatuen iritzia oso bestelakoa da, ordea. Kontuan hartu behar da joan den urteko azken hiruhilekoan lan erreforma bete-betean sartu zela indarrean, eta horren eragina oso kaltegarria izan dela uste dute ELAk, CCOOk eta UGTk.

Erreforma horrek behin-behinekotasuna handitu duela ohartarazi zuen ELAk, prentsa ohar baten bidez. Hain zuzen ere, aldi baterako kontratua 233.700 lagunek dute, aurreko urtean baino %6,7 gehiagok. Behin-behinekotasun tasa ia puntu bat igo da, eta %23 da, Europako Batasuneko batez bestekoa %14 denean. «Lan erreforma justifikatzerakoan, behin-behinekotasuna murriztuko zuela argudiatu zen, baina datuek alderantziz gertatzen ari dela adierazten dute», salatu zuen ELAk.

CCOOk, berriz, urteko bigarren seihilekoan okupazioak behera egin zuela kritikatu zuen, eta lan erreforma berraztertzeko eskatu zion gobernuari. UGTk, azkenik, okupazioa igotzeko bide bakarra lan merkatuan lanpostu egonkorragoak eskaintzea dela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.