Mahaiaren lehen bileran, alderdietako ordezkariek bileren egutegia zehaztuko dute. Horrekin batera, erabakiko dute zein eragile ekonomiko eta sozialek parte hartuko duten.
Mahaia eratu aurretik, Coro Gainza UPNko legebiltzarkideak esan du mahaia "beharrezkoa" dela gobernuak eta talde guztiek akordioak lortzeko, Nafarroan dauden "56.000 langabeei erantzuna emateko". "Etika kontua da, ezin dugu gizartea une honetan dugun bezala eduki", gaineratu du. PPNko Ana Beltranen iritziz, "guztiz beharrezkoa" da mahaia, eta "aspaldian" eratutako "garrantzitsuena" dela iritzi dio.
PSNko Juan Jose Lizarbek azpimarratu du mahaiaren bitartez aukera izango dela une honetan gobernuak enpleguaren alde "egiten ez duena egiteko". "Politikariok jendearen arazoak konpontzeko betebeharra dugu, eta lehen arazoa une honetan enplegua da", esan du.
Bilduko Bikendi Barearen ustetan, "garrantzitsuena ezberdinen arteko sinergiak lortzen saiatzea" da. Txentxo Jimenez Aralar-NaBaiko legebiltzarkideak adierazi du "funtsezkoena" dela neurri "azkar eta eraginkorrak" hartzeko ados jartzea.
Jose Miguel Nuin Ezkerrako ordezkariak esan du "langabeziaren kontrako politika eraginkor bat sustatzea" ez dela "bateragarria murrizketa politikei eustearekin". Geroa Baiko Manu Aierdiren ustetan, mahaia "garrantzitsua" da, baina ez soilik eratu delako, "emaitzak" iristen direnean baizik.