Janari banaketarako plataforma digitalak langile autonomoekin ari dira oraindik ere, Hego Euskal Herrian gaurtik Espainiako Rider-en legea indarrean dagoen arren. Enpresa horiek hainbat formula bilatu dituzte, eta oraindik ikusteko dago legearekin bat datozen ala ez. Araudiak langileak soldatapeko egitera behartzen ditu konpainia horiek, baina hainbat irtenbide bilatu dituzte hori bere horretan ez betetzeko. Banatzaileen elkarteek eta sindikatuek zalantzak agertu dituzte, eta salaketak aurkezteko aukera aztertzen ari dira. Hego Euskal Herrian 1.500 banatzaile inguru daude enpresa horientzat lanean.
Glovoren kasuan, konpainiak jakinarazi du bere langileen %80k autonomo gisa jarraituko dutela, «eredu berri» baten pean, eta ziurtatu du horrek legea beteko duela. Gainerako beharginak soldatapeko gisa kontratatuko ditu 2021ean. Araudiari izkin egiteko, Glovok beretzat lan egiten duten langile autonomoei aukera emango die plataformaren aplikaziora nahi duten orduan konektatzeko, eskaerak baztertzeko, beste langile batzuk azpikontratatzeko haien ordez aritu daitezen, eta «nolabaiteko askatasuna» emango die banaketa tarifak erabakitzeko.
Deliverook, berriz, baieztatu egin du alde egingo duela Hego Euskal Herritik eta Espainiako araudiaren menpe dauden gainerako lurraldeetatik, urria inguruan, baina aurretik kaleratze kolektiboko prozesu bati ekingo diola. Horretan parte hartu ahal izateko, Gizarte Segurantzan alta emango ditu langile guztiak, baina ordura arte autonomo gisa lanean jarraitu beharko dute, «orain arte bezala». Hori egungo legediarekin «bateragarria» dela azpimarratu du enpresak.
Ubereats konpainiak, berriz, autonomoengana jotzeari utzi dio, eta banaketa zerbitzuetan espezializatutako hirugarren enpresen bidez azpikontratatutako langileak baino ez ditu erabiliko. Ziurtatu du ez duela joko aldi baterako laneko enpresetara (ABLE).
Just Eat, berriz, enpresa bakarra zen legea indarrean sartu aurretik horrek dioena betetzen zuena. Dena den, langile asko azpikontratatu egiten ditu beste batzuen bidez. Horiek ere zuzenean enplegatu gisa hartzeko asmoa agertu du, eta prest agertu da horri ekin aurretik sindikatuekin hitzarmen bat sinatzea negoziatzeko.
Beste marka txikiago batzuek ohartarazi dutenez, hiru hilabeteko epea «ez da nahikoa izan» legera egokitzeko, eta, bizikletako banatzaileak kontratatzen hasi diren arren, oraindik ez dira % 100era iristen.
Sindikatuen zalantzak
Gaurtik indarrean dagoen araudia kasu guztietan betetzen dela ziurtatzeko, zaintza zorroztea eskatu dute: ELA, CCOO, eta UGT sindikatuek -LABek bihar egingo du agerraldia-. Halaber, ohartarazi dute legediaren edozein urraketa salduko dutela. Adibidez, ohartarazi dute beste enpresa batzuk erabiltzeak «langileak legez kanpo lagatzea» ekar dezakeela. Halaber, Deliverook egin nahi duen kaleratze kolektiboaren legezkotasuna «zalantzazkoa» dela azpimarratu dute.
ELAk ohar batean azaldu duenez, banaketa enpresa horietan lan egiten duten pertsonek ez dute lan autonomoa egiten, besteren konturako lana baizik, eta enpresa batentzat lan egiten dutenen berme eta eskubide berberak izan behar dituzte. Era berean, banaketa enpresetako langileei dei egin die beren eskubideen alde borrokatzen jarraitzeko. Nabarmendu du besteren konturako langileen egoera aitortzeaz gain hitzarmen kolektibo baten babesean lan egiteko eskubidea dutela. Sindikatu abertzaleak gogorarazi duenez, Confebask patronalarekin aurreakordio batera iritsi ziren ostalaritzako itunean sartzeko, eta urtarrilean hasiko dira hori negoziatzen.