Langile bat hil da Arrigorriagan

Txako industrialdean gertatu da ezbeharra, goizeko zazpietan.

Arrigorriagako Txako industrialdea.
2020ko apirilaren 16a
09:31
Entzun

Behargin bat hil da gaur goizean Arrigorriagan, Bizkaian, Eusko Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Ezbeharra goizeko zazpiak aldera gertatu da, Txako industrialdeko tailer batean, baina oraingoz ez dute beste informaziorik zabaldu.

ELAk, ordea, jakinarazi du Laudioko (Araba) 57 urteko gizonezko bat dela langilea, eta Talleres Berasategui lantegian gertatu dela istripua. Sindikatuak atsekabea adierazi die hildako langilearen senide, lankide eta gertukoei, eta nabarmendu du lantegiak joan den asteartean ekin ziola berriro jarduerari, funtsezkoak ez diren jarduerak gelditu ondoren.

ELAk ikerketa bat egiteko eskatu du, gertatutakoa argitzeko eta, aldi berean, gertatutakoaren erantzukizunak argitzeko, halakorik balego. Era berean, ohartarazi du "segurtasun neurririk eza, lan baldintza txarrak edo lan erritmo gogorrak arrisku faktoreak" direla eta "lan istripu larri eta hilgarri bat izateko aukerak esponentzialki handitzen" dituztela.

Gaur 19:00etarako protestara deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak; 19:00etatik 19:05era isilunea gordetzera deitu dute, eta hurrengo hamar minutuetan lapiko jotzera. Xingola beltza duten ikurrinak eskegitzeko ere eskatu diete herritarrei. Bihar, ostiralez, 24 orduko lan etena egingo dute lankideek, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.

Edozein gisara, 24 orduan Euskal Herrian izandako bigarren lan istripua izan da Arrigorriagakoa. Atzo, garraiolari bat hil zen Pasaiako portuan. Pasaiako Portu Agintaritzak jakinarazi zuenez, 09:30ak aldera, Irlandan arrantzan aritzen diren ontzietako arrainak deskargatu ondoren, Herrerako kaiko aparkalekuan zegoen garraiolaria, portuko sarreraren aurrean. Ibilgailutik jaitsi, eta zaintzaileei keinuka hasi zitzaien, besoan min handia zuela eta. Desfibriladore batekin joan ziren, eta anbulantziari deitu zioten, baina berandu izan zen, kamioilaria dagoeneko hilik baitzegoen.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.