Lehenengo heriotza 12:10 aldera gertatu da, Bedian (Bizkaia). Burezurreko traumatismo baten ondorioz hil da 43 urteko langile bat. Bigarrena, berriz, Azpeitiko (Gipuzkoa) Olalde industrialdeko Astigarraga Kit Line enpresan gertatu da, 14:50 aldera. Azpeitian bizi zen 51 urteko azkoitiarra da hildakoa, eta produktuak ontziratzeko makina batek harrapatuta hil da. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak oso larritzat jo du gertatutakoa.
Bedian hildako 43 urteko gizona ELA sindikatuko delegatua zen Forjas Unidas Vascas enpresan. Sindikatu horrek kaleratu duen oharrean, Osalani eskatu dio iker dezala "gertatu behar ez zuen" heriotza horren zergatia. Gaurkoa aurten Hego Euskal Herrian hildako 32. langilea dela salatu du ELAk. Laneko segurtasunaren auzia "mahai gainean dagoen arazo bat" dela gaineratu du. Horrez gain, salatu du "langileen osasuna eta segurtasuna hobetzeaz baino gehiago produktibitatea handitzeaz arduratzen" direla enpresak.
LAB sindikatuak, bestalde, "horrelako istripuak arazo estruktural baten ondorio" direla adierazi du ohar baten bidez. Sindikatuek 24 orduko lanuztea deitu dute biharko Azpeitian, eta 12:00etan elkarretaratzea egingo dute enpresaren atarian.