54 urteko gizonezko bat hil da gaur goizean Beriaingo Errekaldea industrialdean, Nafarroan. Foruzaingoak jakinarazi duenez, ezbeharra 06:40 inguruan gertatu da; langilea kamioi baten atzealdean zegoela, kamioiak harrapatu du, eta gurpilaren azpian geratu da harrapatuta. Haren gorpua erreskatatu dute Cordovillako suhiltzaileek.
SOS Nafarroako osasun zerbitzuek langilearen heriotza egiaztatu besterik ezin izan dute egin. Gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egin diezaioten.
Guardia Zibilak ikerketa abiatu du, istripua zer dela eta gertatu den jakiteko.
LAB sindikatuak elkartasuna adierazi die hildako langilearen senide eta gertukoei, eta salatu du gisa horretako gertakariak ez direla berriak: «Urtero horrelako lan istripuak ditugu, baina, ezaguna izan arren, praktikan ez dituzte neurriak hartzen horrelako istripuak berriro gerta ez daitezen».
Sindikatuaren arabera, gutxienez 31 dira aurten hildako langileak, eta Zaldibarko zabortegian desagertuta daude oraindik Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. 102 egun daramatzate.