Berriatuako (Bizkaia) mendi batean lanean ari zela istripua izan ostean, langile bat hil zen atzo. Zuhaitz batek azpian harrapatu zuen. Hildakoak 21 urte zituen.Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, 13:15 inguruan gertatu zen ezbeharra, Asterrika auzoan. Oraindik argitzeko daude arrazoiak. Momentuan bertan hil zen eta gorpua Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman zuten.
LABek egindako kontaketaren arabera, Euskal Herrian gutxienez 38 langile hil dira aurten lanean ari zirela. Azkena joan den ostegunean, Nestleren Araiako (Araba) lantegian. Kamioi batek harrapatu zuen Gaizka Murgialdai izeneko langilea, aparkatzeko maniobretan garraiolari bati laguntzen ari zenean. Gaztea zen hura ere, 22 urtekoa. Astebete bakarrik zeraman enpresan.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arabera, 16 eta 34 urte arteko gazteek lan istripuak izateko aukera gehiago dituzte adin horretatik gorakoek baino. Zehazki, %4,15eko aukera ei dute 16 eta 34 urtekoek; %2,2koa hortik gorakoek. Horregatik, araudia betearazteko ikuskatze gehiago egiteko eskatu dio erakundeak Administrazioari.
Langile bat hil da Berriatuan zuhaitz batek azpian harrapatuta
Asterrika auzoan gertatu da istripua; hildakoak 21 urte zituen eta momentuan bertan hil da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu