Langile bat hil da Bilboko udaletxea handitzeko obretan

Eraikin berriaren bosgarren solairuan lanean ari zen 45 urteko gizonezkoa hogei metrotik erori zen

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bilboko udaletxea handitzeko Ernesto Erkoreka plazan egiten ari diren eraikinean lanean ari zen behargin bat zendu zen atzo, hogei metrotik erorita. Langileak, Fernando F. T.-k, 45 urte zituen, eta 15 egun baino ez zeramatzan Exbasa taldeak azpikontratatutako Inasus enpresarentzat lanean. 08:30ean gertatu zen ezbeharra, gizonezkoa San Agustin izeneko eraikineko bosgarren solairuan lanean zegoen, beste bi lankideekin batera. Aldamioen eta fatxadaren arteko hutsune handitik erori zen langilea, Euskadiko CCOOk jakinarazi duenez.

Sindikatuaren arabera, Galizian eta Portugalen egoitza duen Inasusek aluminiozko leihoak zein fatxadetarako estalki arinak ekoizten eta instalatzen ditu. Bilboko udaletxeko obren ardura nagusia duen Gallartako (Bizkaia) Exbasak azpikontratatuta dago eraikin berriko obretan.

Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak zabaldutako ikerketaren arabera, langileak segurtasun uhaleria jantzita zeraman, aldamioetan zaldain bat ezartzen ari zenean. Fatxadaren eta aldamioen artean dagoen hutsune zabaletik erori zen orduan, Euskadiko CCOOk esandakoaren arabera. Jaso zuen kolpearen ondorioz momentuan hil zen, osasun zerbitzuek egiaztatu zutenez.

Ikerketak areagotu

Eraikuntzaren sektorean astebetean hildako Bilboko bigarren langilea da atzokoa eta, horrexegatik, obra publikoetarako bisitak areagotuko dituztela iragarri zuten atzo Osalanek eta Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzak. Administrazio publiko guztien arteko «elkarlana sustatuko» dutela esan zuten Eusko Jaurlaritzako Lan sailekoek. Carlos Zapatero sailburuordeak adierazi zuen obren jarraipena areagotzeak «laneko segurtasun eta osasuneko arrisku mailaren beherakada» ekarriko duela.

Pilar Collantes Osaleneko idazkari nagusiak ziurtatu zuen, berriz, aurrerantzean ere eraikuntzaren sektorea «zainduko» dutela, eta jakinarazi zuen, urte hasieratik, sektore horretako enpresei 3.493 bisita egin dizkietela: 886 Araban, 2.120 Bizkaian eta 487 Gipuzkoan. Edonola ere, Collantesk esan zuen, lanen ardura duten enpresak kontrolatzeaz gain, azpikontratatutako konpainien lana indarrean dagoen araudiari egokitzen zaion aztertzeko kontrolak zabalduko dituztela.

Istripu «bereziki larria»

Euskal sindikatu nagusietatik salatu zuten atzo eraikuntzako beste langile baten heriotza. Euskadiko CCOOk «bereziki larria» deritzo lan istripu horri, «obra publiko batean gertatu delako». Administrazioei, halaber, «diru publikoarekin ordaindutako lantokietako segurtasunaren ardura» dutela gogorarazi zien, eta ezbeharraren erantzukizuna leporatu zien Iñaki Merino Eraikuntzako arduradunak: «Obra edozein preziotan eta edozeini ematea ez da zilegi, prebentzioaz arduratu gabe».

ELAk gogorarazi zuen, bestalde, urrian eraikuntzako bost langile hil direla, «horietatik lau goraguneetatik erorita». Lan istripuen «egiturazko arrazoiak» jorratzen ez dituela deitoratu zuen sindikatuak, «administrazioak eta patronalak interesik ez dutelako». Era berean, eraikuntzan «prekarietatea, azpikontratazioa, lan zama handia eta behin-behinekotasuna nagusi» direla salatu zuen.

LABek bere ardura betetzeko galdegin zion Bilboko Udalari eta kontratatuta dituen obra guztietan «laneko erritmoen zein lan baldintzen kontrol zorrotza» eskatu zion. Sindikatuak ohartarazi zuen, era berean, urte hasieratik Euskal Herrian 76 behargin hil direla lanean.

Bilboko Udaleko zein Exbasako langile batzordeek elkarretaratzea egingo dute gaur udaletxe aurrean, eguerdiko hamabietan, lan istripu hilgarria salatzeko. ELA, CCOO eta LAB sindikatuek deialdiarekin bat egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.