Lan istripu hilgarrien kopuruei begira, iazkoa azken urteetako onena izan zen. 2010. honetan, aldiz, ezkorragoak dira lan osasunetik heltzen ari diren datuak.Dagoeneko, zortzi dira urtarrilaren batetik lanean hildako beharginak Euskal Herrian, iazko epe berean baino bost gehiago.
Bilbao Ria 2000 enpresarentzat lan egiten zuen J. M. I. G. izan da bere lantokian hil den azken behargina. Herenegun goizean gertatu zen, Bilbon, 52 urteko gizonezkoak lanera sartzeko zuen orduan, 08:15ean. Hildakoaren lankideak Osalan EAEko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko teknikariei azaldutakoaren arabera, egunero bezala joan zen lanera gizonezkoa. Bere zereginetan hasi aurretik, alabaina, erori egin zela entzun zuen bere nagusiak, eta, gertatutakoaren berri izaterahurbildu zenean, lurrean aurkitu zuen, konorterik gabe.
Lankideek larrialdi zerbitzura deitu zuten, eta anbulantzia bat lantokira (Olabarri kalera) bertaratu zen arren, langilea hilda zegoela egiaztatu besterik ezin izan zuten egin. Meatze ingeniari lanetan aritzen zen J. M. I. G., eta enpresan hamabost urteko antzinatasuna zuen. Bulegoko lanak eta obretara eginiko bisitak tartekatzen zituen bere lanpostuan.
Zauri larria
Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolan lan istripua atzo izan zuen langilea, berriz, egoera larrian dago Gurutzetako erietxean. 26 urteko behargina itsasontzietako batean ari zen lanean, eta goizeko hamarrak aldera, metalezko kable bat askatu egin zen, eta aurpegian kolpatu zuen. Istripuaren ondorioz, zauri larriak izan zituen buruan.
Arratsaldera arte langilea hiltzat eman zuen Osalanek, eta informazio agentziek horren albistea zabaldu zuten, senideek zein lankideek gezurtatu zuten arte. Gurutzetako suspertze unitatean zegoen behargina arratsaldeko bostak aldera, eta, Navaleko langile batzordeko ordezkariek esan zutenez, medikuek ebakuntza egin behar zioten.
UGTren arabera, gazteak esperientzia zuen lanean, eta segurtasun neurri eta babes guztiekin ari zen. Osalanek gertatutako argitzeko ikerketa abiatu zuen atzo bertan.
Langile bat hil da Bilbon, eta beste bat larri zauritu da Sestaon izandako istripuan
Dagoeneko, zortzi dira urtea hasi denetik Euskal Herrian lanean ari zirela zendu diren beharginak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu