Lan istripua

Langile bat hil da Burlatan, eraikin batetik erorita

Lan istripua Erripagaina auzoan eraikitzen ari diren eraikin batean gertatu da. ELAren arabera, hildako langileak azpikontrata batean lan egiten zuen, eta, horregatik, eraikuntzako lan baldintzen gaineko kontrol publikoa areagotzeko eskatu du.

Burlatako Dublin kalean gertatu da ezbeharra. GOOGLE MAPS
2019ko urriaren 2a
09:49
Entzun

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gaur 32 urteko langile bat hil da Erripagaina auzoan, 15:10ean. Bosgarren solairu batetik erori da. Eraikina Dublin kalean dago, eta, erorketaren ondorioz, berehala hil da. Bertaratu den mediku taldeak ezin izan du ezer egin.

Lan istripua gertatu den tokira joan dira foruzainak eta Burlatako udaltzainak. Istripua gertatu den kalea Burlataren barruan dago —Erripagaina auzoa lau udalerriren artean partekatzen dute: Iruñea, Burlata, Eguesibar eta Uharte—. Foruzaingoa arduratuko da ikerketaz.

ELAren kritika

ELA sindikatuak jakinarazi du azpikontratatutako enpresa bateko langilea zela hildakoa. Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuari eta lan ikuskaritzari exijitu die ezbeharraren gaineko ikerketa zorrotza egin dezatela, zergatiak argitzeko, neurriak hartzeko eta ardurak zehazteko.

ELAk babes eta elkartasun osoa adierazi die hildako langilearen familiari eta lankideei. Era berean, eraikuntza sektoreko enpresei exijitu die langileen segurtasuna berma dezatela. ELAren ustez, osasun arloko elkarrizketa sozialera bideratzen den dirua ez da eraginkorra, eta baliabide publiko horiek "segurtasun neurriak handitzera" zuzendu beharko lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.