Langile bat hil da CAFen, lantokira sartzen ari zela orga batek harrapatuta

Arantza Mintegi 36 urteko Idiazabalgo emakumea da hildakoa; enpresako bulegoetan egiten zuen lan

Erredakzioa
Donostia
2010eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Lantokira sartzera zihoala orga-altxatzaile batek harrapatu ostean, langile bat hil zen atzo Beasaingo CAF enpresan (Gipuzkoa). Bulegoetan lan egiten zuen emakumezko bat da hildakoa, Arantza Mintegi Goikoetxea. 36 urte zituen, eta, berez idiazabaldarra izan arren, Legorretan bizi zen. Urtebete eta erdi inguru zeraman enpresan.

Langile batzordeak jakinarazi duenez, 07:00 inguruan gertatu zen istripua CAFek Beasain eta Lazkao artean dituen pabiloietan, Lazkaibarko bidearen ondoan, N-1 errepidearen eta trenbidearen zubi azpiaren inguruan.

Langilea kotxea aparkatu ondoren bulegoetarako bidean zihoan, oinez. Bi kaxa zeramatzan orga-altxatzaile baten gidariak ez zuen ikusi, eta atzetik harrapatu zuen oinezkoa. Enpresako prebentzio delegatuek eta mugikortasun batzordeko kideek azaldu dutenez, «askotan» salatu dute zenbait tailerretarako sarbideetako egoera.

Suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu arren, ezin izan zuten ezer egin, istripua izan eta berehala hil baitzen langilea. Osalaneko teknikariak ere han izan ziren, gertatutakoari buruzko txostena egiteko.

Gaur, elkarretaratzea

Atzo bertan, 10:00 aldera, batzarra egin zuten langileek, eta, protesta gisa, 24 orduko lanuztea egitea erabaki zuten. Era berean, sarrera nagusiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, eta gaur beste bat egingo dute, 08:30etik 09:30era. Amiantorenei eskulturaren aurrean izango da protesta, enpresako sarreretako batean, hain zuzen. Istripu gehiagorik ez, hau aldatu behar dugu izango da leloa. Irungo CAFeko beharginek ere bat egin dute Beasaingoekin, eta eurek ere lanuztea egingo dute gaurko 10:00 arte.

Sindikatuek gertatutakoa salatu eta bat egin dute langile batzordearen deialdiarekin. «Zoritxarrez, segurtasuna eta laneko osasuna ez daude presente enpresen eta politikarien agendetan», esan du ELAk. Haren arabera, beharrezkoa da bi arlo horiei «behingoz lehentasuna» ematea. Horretarako, segurtasun neurri «errealak», inbertsioa, formazioa eta lanerakoprozedura egokiak eskatu ditu.

LABek eredu aldaketa eskatu du laneko gaitzen eta istripuen arazoa konpontzeko. «Gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala behar dugu», azaldu du. Langile batzordearen deialdiarekin bat egiteaz gain, beste elkarretaratze bat ere antolatu du LABek. 19:15ean izango da, Legorretan.

CCOOk gogorarazi du prebentziorako delegatuek askotan salatu zutela laneko gunea eta oinezkoena ez zeudela ondo bereiztuta. UGTk, berriz, lan jarduera murriztu arren, lan istripuz hildakoen kopurua ez dela neurri berean jaisten salatu du. Are gehiago, Gipuzkoan handitu ere egin dela.

LABek egindako kontaketaren arabera, urtea hasi zenetik 30 pertsona hil dira lanean ari zirela. Horietatik hamar Bizkaian, zazpi Gipuzkoan, sei Nafarroan eta hiru Iparraldean. Iaz, 80 pertsona hil ziren; 2008an, 112 eta 2007an, 125.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.