Teilatua konpontzen zebilela erori da langilea, eta hil egin da. 10:45ean gertatu da ezbeharra, Derioko Erdiko kalean. Momentuan bertan hil da gizona, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, eta bertaratu diren osasun langileek ezin izan dute ezer egin.
Langile horren heriotzarekin, 40 dira urte hasieratik hona lanean ari zirela ezbeharretan hil diren beharginak. Eta heriotza horietatik bost jazo dira abuztu honetan bertan: Karrantzan basogintzan ari eta zuhaitza gainera etorrita hil zen langilea; Urretxuko Usabiaga almazenetan orga batek harrapatuta hil zen langilea; gaur Derion teilatutik erorita hil den behargina; eta istripu ez-traumatikoetan Donostian eta Ormaiztegin hildako bi beharginak, zeinak Donostia Garbiketa enpresarentzat eta Construcciones Moyuarentzat ari ziren lanean, hurrenez hurren.