Gaur goizean langile bat hil da Eibarren (Gipuzkoa), lanean ari zela. 8:10ean gertatu da lan istripua: langilea aldamio batetik erori da, hamahiru metrotik. Osalanen arabera, epaitegietatik gertu dagoen eraikin baten aurrealdea konpontzeko lanetan ari zen langilea eta aldamioa apurtu egin da.
37 urteko gizon bat da hildakoa, Ekuadorren jaiotakoa. Eibarko Reonor Reformas y Obras enpresan egiten zuen behar, duela zortzi urtetik.
LAB sindikatuaren datuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den 10. behargina da. Iaz horrela 82 langile zendu zirela dio LABek, duela bi urte 85, 2008an 112, eta 2007an 125.