Kanpezuko Martinez de la Hidalga enpresan lan egiten zuten biek. CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, Adania enpresa promotoreak azpikontratatuta ari ziren Zabalgana auzoko etxebizitzetan, arotz-lan metalikoak egiten.
Bi oker
Juan Luis España sindikatu horretako bozeramailea istripua gertatutako lekuan izan zen atzo. Haren esanetan, langileek zerabilten plataforma igotzailea txikiegia zen horrenbesteko altueran egin beharreko lanetarako. Plataforma horiek garabi gisako bat izaten dute azpian, eta garabia luzatu ahala igo egiten da plataforma. CCOOko bozeramailearen irudiko, garabia neurriz kanpo luzatuta zeukaten. Eta ez hori bakarrik. Plataforma egoki finkatu gabe zeukatela ere adierazi zuen, besteak beste, finkatu beharreko zorua ez zelako erabat laua. Haren ustetan, oso litekeena da istripua bi oker horien ondorioz jazo izana. Dena dela, Osalaneko teknikariek ikertzen jarraitzen dute oraindik, beraz, goizegi da ezer ziurtatzeko. Ikerketa talde horretako kide da España bera ere.
Arrazoiak argitzeko ikerketa sakona eskatu du CCOOk. Horrez gain, obretan beharrezko segurtasun neurriak hartzen direla ziurtatzeko baliabideak jartzea galdegin dio administrazioari.
Bi langileak pertsianak jartzen ari ziren etxebizitzak babes ofizialekoak direla nabarmendu du LAB sindikatuak. «Horrek erakusten du patronal gisa administrazio publikoa dagoen kasuetan, hark ere benetako patronalaren errezeta neoliberal berberak erabiltzen dituela». Zabalgana Batuz auzo elkarteak ere gertatutakoa gaitzetsi du.