Lan istripua

Langile bat hil da eta beste bat larri zauritu, Kasedan

Viscofanek Kasedan duen lantegian izan da istripua, beharginak hidrogeno sulfuroa zuen edukiontzi batera erori eta pozoitu direnean. LABen arabera, hildako F.U. beharginak 46 urte zituen, Zarrakaztelun bizi zen, eta ABLE aldi baterako lan enpresa batek kontratatuta ari zen lanean.

Viscofan enpresaren Kasedako lantegia.
2019ko irailaren 14a
07:54
Entzun

Langile bat hil egin da eta beste bat larri zauritu Kasedako (Nafarroa) Viscofan enpresan gertatu den lan istripuan.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, langileak hidrogeno sulfuroa zuen edukiontzi batera erori dira eta haren gasarekin intoxikatu dira. Nafarroako larrialdi zerbitzuak 00:46ean jaso du ezbeharraren abisua.

Beharginak beren lankideek erreskatatu dituzte eta suspertze ariketak egin dizkiete, mediku zerbitzuak eta Zangotzako parkeko suhiltzaileak heldu diren arte.

Istripua izan duten bi langileetako bat ezin izan dute suspertu eta hil egin da. F.U. langileak 46 urte zituen eta Zarrakaztelun bizi zen. Bigarren behargina, aldiz, 54 urtekoa, egonkortu egin dute eta Nafarroako Ospitale Gunera eraman dute. Egoera larrian dago.

Nafarroako Foruzaingoa istripuaren zergatiak ikertzen ari da. Hildako langilearen gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntza Institutura eraman dute, eta autopsia egingo diote bertan.

PSNk neurriak eskatu ditu

PSNk atsekabea agertu du Kasedan izandako lan ezbeharrarengatik, eta Nafarroako Gobernuari "berehalako" neurriak hartzeko eskatu dio, lan heriotzekin amaitzeko. Ainhoa Unzu PSNko Ekonomia Garapen arloko bozeramailearen esanetan, beharginen heriotzak "lan merkatuaren gaitz handienetakoa" dira eta larrialdi neurriak behar dira hari aurre egiteko.

Gobernuari galdegin dizkion neurrien artean dira lan heriotzen kontrako plan bat onartzea, Nafarroako Lan Osasun eta Osasun Publikoko Institutura baliabide gehiago bideratzea, Lan Arriskuen Prebentziorako ordezkarien formazioa indartzea, lantegietan ikuskaritza gehiago egitea eta kontzientziazio kanpainak garatzea.

Horrez gain, Unzuk garrantzia aitortu dio Enplegu Plan bat adosteari eta Nafarroako Gobernuak enpresekin eta sindikatuekin harremanak indartzeari.

Geroa Baik ere atsekabea adierazi du ezbeharrarengatik eta elkartasuna adierazi die hildako langilearen familia eta hurbilekoei. Geroa Bairen iritziz, lan istripuak eragozteko "ezinbestekoa da lan prebentzioan jarduten duten eragileen arteko elkarlana". Horrez gain, funtsezkotzat jo du lan arriskuen prebentziorako arauak  "zorrotz" betetzea eta "lan osasunari eta lan segurtasunari lotutako kanpainak bultzatzen jarraitzea".

LAB sindikatuaren iritziz, Kasedako ezbeharra ekiditekoa modukoa zen lan arriskuei buruzko formazio egokiarekin eta prebentzio protokoloaren betetzearekin. Loli Eraso sindikatuko kideak nabarmendu du, aurten, dagoeneko 32 langile hil direla lan istripuz Euskal Herrian.

UGTk salatu du lan istripuen gorakada gertatzen ari dela Nafarroan, 2012. urtetik. "Lan istripu larrien kopurua gehien hazten ari den erkidegoetako bat da", adierazi du. Gorakada horren arrazoien artean aipatu ditu lan prekarietatea, lan erritmoaren areagotzea, lan prebentziorako finantziazio murrizketa eta enpresen gaineko kontrolaren moteltzea.

CCOOk lan arriskuen prebentziorako politikak lehenesteko eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari. Lehentasun hori aurrekontuetan islatzeko eskatu die erakundeei. Bestalde, elkarrizketa soziala "berreskuratzea" galdegin du, lan heriotzen kontrako plan bat adosteko eragile desberdinen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.