Langile bat hil da Gasteizen, hamabost metrotik erorita

Istripuaren tokian babes neurriak falta zirela salatu du CCOOk segurtasun sarerik ez zegoelako

ERREDAKZIOA GASTEIZ
2008ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Arratsaldeko hirurak ziren 44 urteko A.P.C. gizonezkoa Gasteizko Zubibarri kaleko pabilioietako batetik behera erori eta bertan hil zenean. Montajes Amboto enpresako bazkide eta beharginak, haizagailuak instalatzeko panelak zulatzen ziharduen Betoñu industriaguneko Ufesa enpresaren pabilioi zaharretan. Bi lankideekin ari zen lanean hildakoa ezbeharra gertatu zenean. Montajes Ambotoko behargina bazen ere, Colt enpresak azpikontratatuta ari ziren lanean.

Osalan EAEko Lanerako Segurtasun eta Osasunerako erakundeak atzo jakinarazi zuenez, paneletako bat kentzeko segurtasun gerrikoa askatu zuen langileak. Hamabost metro inguruko altueratik erori zen orduan, eta momentuan hil, zauri larrien ondorioz. Istripuaren berri izan ondoren, udaltzaingoa, Ertzaintza, Osalaneko teknikaria eta osasun zerbitzuak bertaratu ziren industriagunera.

Istripuaren tokian segurtasun neurriak falta zirela esan zuen CCOO sindikatuak, segurtasun gerrikoak bai baina sarerik ez zutelako langileek.

83 hildako urte hasieratik

Atzokoarekin, LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, 83 dira urtea hasi denetik Euskal Herri osoan lanean hildako beharginak.

CCOOk elkarretaratzea egingo du ostiralean langilearen heriotza salatzeko. Gasteizko Posta plazan izango da, 12:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.