Istripua 16:55etan gertatu da, Gamarra industrialdeko Aratz tailerrean. Hildako langilea 49 urtekoa da, eta Gasteizen bizi zen.
Aste honetan lanean ari zela hil den bigarren behargina da. Atzo beste langile bat hil zen, Basauriko Gerdau altzairutegian. Derioko Pine Instalaciones y Montajes enpresako langilea zen, 53 urteko Trapagarango gizonezko bat. Elektrokutatuta hil zen.
Pine Instalaciones y Montajeseko 300 langileak elkartu dira gaur goizean Derioko lantokiaren aurrean, lan istripu gehiagorik ez egoteko exijitzeko. «Ez gaude lankide bat gehiago ere galtzeko prest lanean dela», esan dute sindikatuetako ordezkariek. Familiari eta lagunei elkartasuna adierazi diete langile guztiek egun bateko lanuztearekin. Ez bakarrik Derion, baita Basauriko Gerdaun ere, hango langileek ere bat egin baitute lan istripua salatzeko lanuztearekin. Bihar segida izango du lan istripua salatzeko mobilizazioak. Ordubeteko lanuztea egingo dute Gerdauren planta guztietan, Basaurin, Azkoitian, Gasteizen, Reinosan eta Villalban, Espainian azken biak. Pinekoak Basauriko elkarretaratzean izango dira.
Segurtasun neurri ezberdinak
ELA sindikatuaren ustez, «azpikontratatutako enpresatako langileek ez dute enpresa nagusien langileen segurtasun maila bera lanean». Basauriko istripuak gogorarazi du «prekaritateak hil» egiten duela, «lan erritmo handiak eta segurtasun maila txikiak» hil egiten dutela. ELAren arabera enpresa askok ez dute «segurtasunean inbertsioak egiten krisia aitzakia hartuta». Laneko segurtasunaren erakundeen arduradunei ere eman die oharra sindikatuak: «Adierazpen asko egiten dituzte lan istripuen datu onak azpimarratuz, baina ez dute sakontzen segurtasunak enpresetan duen benetako egoeran».
LAB sindikatuak ere antzeko tesia dauka. «Azken aldi honetan patronalak eta administrazio publikoak lau haizetara zabaltzen aritu dira lan istripuak murriztu direla, baina hori ez da guztiz egia; kopurua soilik zenbaki absolutuetan murriztu delako, krisi kapitalistaren ondorioz». LABek uste du langile gutxiagok dihardutenez lanean, «logikoa» dela lan istripu gutxiago gertatzea. «Krisiak modu estrukturalean eragin du ezbehar larri eta heriotza kopuru handia zuten sektoreetan, industrian eta eraikuntzan». Baina sindikatuak garbi du «prekarietatea» dela lan istripuen «eragilerik garrantzitsuena». Eredua da, finean, aldatu behar dena segurtasuna bermatzeko. «Eredu ekonomikoa aldatu behar da, osasuna ez dadin egon irizpide ekonomikoen menpe eta izan dezagun prebentzio eta osasun sistema propioa».