Iruñerriko Mankomunitateko langile bat hil zen atzo, kamioi batek harrapatuta. Iruñeko Agustindarren industrialdeangertatu zen ezbeharra, goizeko zortziak jota zirela. Mankomunitateko kamioi bat industrialdean duen egoitzan maniobra egiten ari zen; eta inguruan lanean ari zen Francisco Guerra Ramirez 49 urteko behargina azpian harrapatu zuen. Gizona berehala zendu zen.
Larrialdi zerbitzuak, anbulantzia bat eta suhiltzaileak segituan joan ziren ezbeharra gertatu zen lekura, baina ezin izan zuten gizona bizkortzeko deus egin. Hildakoa ezkondua zegoen eta bi seme zituen. 23 urte zeramatzan lanean Iruñerriko Mankomunitatean. Langilearen heriotza salatzeko, enpresako langileen batzordeak elkarretaratzeak egin zituen atzo. Mankomunitatearen egoitzetan hamar minutuko kontzentrazioak egin zituzten. Halaber, egun osoko lanuzterako deia egin dute astelehenerako. Ezbeharra gertatu den tokian bertan bilduko dira, eguerdiko 12:00etan. ELA, LAB, EILAS, CGT eta ESK sindikatuek bat egin dute deialdiarekin, eta UGTk eta CCOOk gertatutakoa ongi ikertzeko eskatu dute. Batasunak ere gaitzetsi du ezbeharra.Ukarren (Nafarroa), berriz, beste langile bat larri zauritu zen atzo arratsaldean. Etxebizitza batean lixatze lanak egiten ziharduen eztanda bat gertatu zen unean, eta gorputzaren erdia erre zitzaion ia. Francisco T. J.-k 36 urte ditu eta Zizur Nagusian bizi da. Leherketak beste langile bat arin zauritu zuen. Danbatekoa gas pilaketak eragin zuela uste dute oraingoz.
Langile bat hil da Iruñean, kamioi batek azpian harrapatuta
Ukarren, beste langile bat larri zauritu da; gorputz erdia erre zaio, eztanda baten ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu