Lan istripua

Langile bat hil da Legution

Erabiltzen ari zen garabiko pieza bat gainera erori zaio. Aurten, 30 langile hil dira lan istripuan.

Lan istripuak salatzeko elkarretaratzen bat, Iruñan. IñIGO URIZ, FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2018ko abuztuaren 1a
07:24
Entzun

Ezbeharra 09:15ean gertatu da Legutioko (Araba) Olatek enpresan. Langilea makinak mantentzeko azpikontratatutako Ventil enpresakoa zen, eta, oraindik argitzeko dauden arrazoiengatik, erabiltzen ari zen garabiko pieza bat buru gainera erori zaio.

Osalaneko langileak ikertzen ari dira nola gertatu den 34 urteko gizon portugaldarraren istripua.

CCOO sindikatuak azpikontratatu kasuetako segurtasun falta salatu du, eta instituzioei ikuskapen gehiago egiteko eskatu die.

Azken astean, hiru pertsona hil dira lan istripuz

Atzo goizaldean, Cintruenigoko (Nafarroa) kamioilari bat hil zen, Huescan izandako istripu batean. 44 urteko beharginaren kamioia AP-2 errepidetik atera zen, eta, aldapa batetik erori ostean, su hartu zuen. Bartzelonara letxugak eraman ostean, Nafarroara itzultzen ari zen, eta 05:30ean Fragan (Huesca) istripua eduki zuen. Suhiltzaileak bertaratu baziren ere, ezin izan zuten ezer egin.

Ostiralean, berriz,  35 eta 54 urteko bi langile hil ziren Corellako araztegian, hondakin urak zeuden hiru metroko putzu batera erorita. Istripua 14:22an gertatu zen; bi langileetako bat gas, toxikoak arnastegatik zorabiatu, eta putzura erori zen. Beste langilea laguntzera jaitsi zen, eta biak oxigeno faltagatik ito ziren.

Ezin izan zuten ezer egin Ricardo Catalan Garciaren eta Luis Gonzalez Fernandezen bizia salbatzeko, suhiltzaileak eta medikuak bertaratu baziren ere. Gorpuak erreskatatzea ere zaila izan zen, metro bateko diametroko hodi batean baitzeuden, eta putzuak gas kaltegarrik isurtzen baitzituen.

Guztira, 2018. urtean, 30 dira Euskal Herrian lanean hildakoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.