Langile bat zendu da Lesakan (Nafarroa), amilduta. Eguerdiko hamabiak jotzeko zorian jaso dute abisua Nafarroako larrialdi zerbitzuek, eta berehala joan dira ezbeharra gertatu den tokira. Alfer-alferrik, nolanahi ere. Lantegira iritsi direnerako, berandu zen beharginaren bizitza salbatzeko: medikuek haren heriotza egiaztatu baino ezin izan dute egin. Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez, Condesa taldeko Zalain Transformados enpresako langilea zen, eta 64 urte zituen.
Nafarroako Medikuntza Institutura eraman dute gorpua, autopsia egitera, eta Foruzaingoak ikerketa hasi du istripua nola gertatu den argitzeko. Lehen hipotesien arabera, apalategi batzuetan igota ari zen lanean gizona, hodiekin, eta lankide batek aurkitu du hilotza. Lekuko zuzenik ez dago, ordea.
Buruko traumatismo larriak eta hezur hausturak eragin dizkio kolpeak gizonari. Foruzaingoak horregatik uste du jausi egin dela, baina oraindik ez du zehaztu zenbat metrotatik behera amildu den. Urteko 38. lan istripu hilgarria da.