Lan istripua

Langile bat hil da Muxikan, basoan lanean ari zela

Herri horretako landaketetan 2019az geroztik hil den hirugarrena da, eta aurtengo 31garrena Euskal Herrian.

Laneko heriotzak salatzeko elkarretaratze bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Romatet Ibarguren.
2021eko uztailaren 7a
10:54
Entzun

Gaur goizean langile bat hil da Muxikan (Bizkaia), basoan lanean ari zela. Hildakoa CO2 enpresakoa zen, 27 urte zituen, Ekuadorren jaiotakoa, eta Durangon bizi zen. Herri horretan azken hiru urteetan beste bi langile hil dira lan horretan: pasa den urteko uztailean bat, eta 2019ko martxoan beste bat.

2021. urtean, Euskal Herrian lanean ari zela hil den 31. behargina da, LABen zenbaketaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, goizeko bederatziak inguru jaso zuten deia larrialdi zerbitzuek. Ertzaintzaren helikopteroan iritsi zen medikuak artatu zuen langilea, baina behargin gaztea hil egin zen. Ertzaintzak ikerketa bat abiarazi ditu gertakariaren nondik norakoak argitzeko, oraindik ez baitakite zein izan diren istripuaren arrazoiak.

ELAk salatu du baso lanen sektoreko baldintzak prekarioak eta arriskutsuak direla; besteak beste, makina arriskutsuak erabiltzen dituztelako, kontrako klimatologia izaten dutelako, eta lur malkartsuetan lan egiten dutelako.

CCOOk ere haserrea adierazi du, eta instituzioei eskatu die azken datu larrien aurrean neurriak hartzeko.

LABek, berriz, eskatu du interes ekonomikoen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Gainera, lan istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die langileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.