SOS Deiek jakinarazi dutenez, behargin bat hil da gaur goizean Ondarroan. Langilea Artabide kaleko etxe batean ari zen lanean, obrara beharrezko materialak igotzen. Laugarren solairu parean zegoela, argitu ez diren arrazoiengatik, kalera jausi da. 10:50ak aldera izan da ezbeharra.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, hildakoa 46 urteko gizonezkoa da.
Istripua gertatu ondoren, Ertzaintza eta zerbitzu medikuak bertaratu dira. Behargina suspertzen saiatu dira, baina ez dute lortu.
Elkarretaratzea
ELA, LAB, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek lan istripua salatzeko elkarretaratzera deitu dute, datorren astearterako, Ondarroako Alamedan.