Langile bat hil zen atzo arratsaldean Tebasko harrobian (Nafarroa), harria ehotzeko makina batean harrapatuta geratuta. Hildakoak, 33 urteko S.I.M.-ek, 11 urte zeramatzan Tebasko harrobian lanean. Hormigoi plantako langilea zen. Ezkonduta zegoen, eta bi alaba zituen. LAB sindikatuak egindako zenbaketaren arabera, 68 lagun hil dira aurten Euskal Herrian lanean ari zirela.
Foruzaingoa arduratu da gertatutakoaren ikerketaz. Nafarroako Gobernuaren lehen azalpenen arabera, langilea harria ehotzeko makina bat garbitzen ari zen, makinaren barruan, eta bertan harrapatuta geratu zen, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik.
Lan istripuetan ohikoa izaten ez bada ere, enpresaren jabeak, Cetya taldeak, jada egin du istripuaren lehen ikerketa, eta jakinarazi du lehen balorazioa: «Guztiak erakusten du bai enpresak bai langileak ezarritako segurtasun neurriak bete zituztela. Beraz, zorigaiztoko istripu bat izan dela dirudi». Cetya taldeko administrazio kontseiluak, zuzendaritzak eta langileek beren dolumina agertu diote hildakoaren familiari.
Cetya taldeak lau harrobi ditu, guztiak Nafarroan: Bearinen, Castejonen, Murietan eta Tebasen.
UGT ikerketa zorrotzaren eske
Nafarroako UGTk lan istripuari buruzko ikerketa zorrotz bat eskatu du. Enpresei gogorarazi die segurtasun neurriak bete behar dituztela, eta Administrazioari exijitu dio zain ditzala lan osasunean egiten diren irregulartasunak. Zigorrak jarri behar baditu zigorrak jartzeko eskatu dio, «lantegi seguruak eta osasungarriak lortzeko».
Atzokoa ez da aurten Tebasen gertatu den lan istripu bakarra. Apirilaren 6an Atarrabiako (Nafarroa) P.C.M. 32 urteko kamioi gidaria hil zen Alaizko harrobitik gertu. Kamioia harrobira joateko bidetik atera zen, erreten batera erori, eta iraulita geratu zen. Gidaria kamioian harrapatuta geratu zen, eta hilda zegoen suhiltzaileek atera zutenean.
Langile bat hil da Tebasen, makina batek harrapatuta
Harrobiko harria ehotzeko makina bat garbitzen ari zela barruan geratu da, atera ezinik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu