Nervaceroko enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea abiatu du gaur 14.00etan lankidearen omenez. LAB sindikatuak eman du "lan istripu ez traumatikoaren" berri, eta bere atxikimendua eman dio komiteak bihar goizeko 11.30etan deitu duen mobilizazioari ere.
Atzoko Gasteizen izandako lan ezbeharrarekin eta gaurko Nervaceroko jazoerarekin dagoeneko 2014an Euskal Herrian gutxienez bederatzi langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz: bi Araban, hiru Bizkaian, bi Gipuzkoan eta bi Nafarroan.
Atzo Isfatec enpresako 50 urteko langilea hil zen, Gasteizen, teilatuko lanetan ziharduelarik lurrera erori eta arnes baten bidez lotuta zegoen kamioiak arrastaka eraman zuenean. Langilearen heriotza, eta istripua eragin zuten baldintzak larriak salatzeko LAB sindikatuak, ostiralean, hilak 28, arratsaldeko 19:30etan elkartuko dira Gasteizko Andra Mari Zuriko Plazan istripua salatzeko.
Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dituen baldintza eta lan egiteko moduen emaitza direla uste du LABek. "Atzo hildako langilea teilatuan ari zen lanean, eta sektore horretan nagusi diren prekarietateak, esplotazioa, lan baldintza txarrek eta lan erritmoak hil egiten dute. Gainera atzoko istripuan, itxura denez, irregulartasun eta lege-hauste oso larriak eman ziren, eta honek zoritxarrez, pasadan astean publikoki salatzen genuena baieztatu besterik ez du egiten errealitatearen alde gordinena, lan istripuak eta bestelako osasun galerak bere horretan mantenduko direla eragiten dituzten lan baldintzak aldatu ezean, besteak beste, enpresen eta obretako kontrol eza, herrialdeko hitzarmenen urraketa sistematikoak, aldizkakotasuna, azpikontratazioa, etabar".