Lan osasuna

Langile bat hil da Zanbranan, baso lanetan ari zela

Eguerdian gertatu da ezbeharra, eta 38 urteko gizonezkoa da hildakoa. Baso lanak egiten dituen enpresa batentzat ari zen lanean. Gaurkoarekin dagoeneko sei dira aurten Hego Euskal Herrian hildakoak zuhaitzak mozten edota baso garbiketan ari zirela.

Lan istripuen kontrako protesta bat, Donostian. GORKA RUBIO, FOKU
Irune Lasa.
2021eko irailaren 6a
14:48
Entzun

Urtea bereziki gogorra izaten ari da baso lanetan ari diren langileentzat. Haietako sei hil dira istripuz urtea hasi zenetik, LABen zenbaketaren arabera. Azkena, gaur eguerdian bertan, Zanbranan (Araba).

Herri horretan, Ebro eta Zadorra ibaiak elkartzen diren lekutik hurbil dagoen makalen baso batean ari zen lanean, eta, ELAren arabera, zuhaitz bat gainera erori zitzaion, hari eusten zion soka hautsi ondoren. Osasun langileak iritsi zirenerako hilik zegoen langilea: 38 urte zituen, eta Hego Amerikan jaioa zen. Zanbranako herri lurretan ari zen lanean, udalak eta Arabako Aldundiak kontratutako Castelloko Contrachapados Archena enpresarentzat.

LAB sindikatuak Arabako Aldundia bera egin du istripuaren arduradun politiko, eta, horregatik, haren egoitzaren aurrean salatuko dute ezbeharra, bihar eguerdian. LABen zerrendaren arabera, atzokoa aurten jazotako 44. lan heriotza litzateke Hego Euskal Herrian, ezbehar traumatiko eta ez-traumatikoak kontuan izanik. Baso mutilak izan dira horietako sei. Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) hil zen bat urtarrilean, eta lau Bizkaian: Ugaon (otsailean), Muxikan (uztailean), Karrantzan eta Markinan (abuztuan).

Agiri banatan, LABek eta ELAk onartu dute «arrisku handiko sektorea» dela basogintza, baina nabarmendu dute lan erritmo biziek eta prebentzio neurriak ez betetzeak istripuak izateko aukerak handitzen dituztela. Gainera, erakunde publikoei leporatu diete segurtasun arauak betearazteko kontrolik ez egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.