Orioko Thalassa enpresan jazo da ezbeherra, arratsaldeko bostak aldera. Leherketa handi bat entzun da aurrena, eta leherketa txiki asko gero. Piztutako suaren ondorioz, langile bat oso larri zauritu da. 48 urteko gizonezkoari gorputza erre zaio gerritik behera, eta besoak eta aurpegia ere bai. Helikopteroz eraman behar izan dute Gurutzetako erietxera.
Jon Redondo Orioko alkateak azaldu duenez, langilea konponketa batzuk egiten ari zen ezbeherra gertatu den unean. Itxura denez, txinparta bat sortu da, eta hark gasolina ukitu duenean gertatu da leherketa. Berehala bertaratu dira osasun zerbitzuetako langileak, suhiltzaileak eta Ertzaintza.
Zauritutako langilea Orioko futbol zelaira eraman dute aurrena, anbulantzian. Osasun zerbitzuetako langileek pare bat ordu behar izan dituzte zauritua egonkortzeko, eta zazpiak aldera eraman dute Gurutzetara helikopteroz, erredura handien unitatean ospitaleratzeko.
Suhiltzaileek ere gogor aritu behar izan dute. Sutea nahikoa azkar kontrolatu badute ere, orduak behar izan dituzte erabat itzaltzeko. Ertzaintzak segurtasun perimetro bat ezarri du pabiloiaren inguruan. Han inguruan bizi diren hamabost bat pertsonak etxetik irten behar izan dute. Eta inguruan ziren zenbait ibilgailu ere kendu dituzte, su hartzeko arriskua zutelako.
Thalassa enpresan yateak konpondu era egiten dituzte, eta gai sukoi ugari zituzten Orioko lantegian, pinturak eta egurra kasu. Hori dela eta, ke laino itzela sortu da sutearen ondorioz. Hasieran haizeak herrigunetik urrundu badu ere, iluntze aldera Orioko kaleetaraino iritsi da kiratsa.
Langile bat oso larri zauritu da Orioko Thalassa enpresan piztutako sutean
Gorputza erre zaio gerritik behera, eta besoak eta aurpegia ere bai; Gurutzetan ospitaleratu dute, larri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu