Langile bat hil da goizean Villabonan, Borobil lantokian istripua izanda, villabona-aiztondo.hitza.info-k dioenez. Udaltzaingoak jakinarazi du langilea makina batek harrapatu duela eta toraxa zapalduta hil dela. 09:30 aldera gertatu da ezbeharra.
Gizonezko bat da hildakoa, 45 urteko tolosarra —J.A.G.B.—. Enpresako nagusiaren anaia gazteena zen. Emaztea eta bi seme-alaba zituen.
LAB sindikatuaren datuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den 11. behargina da gaurkoa.
"Sarraski hau geldiarazteko" mobilizatzeko eskatu du LABek. CCOO-Euskadik elkarretaratzera deitu du biharko; lantoki aurrean izango da.