Langile etorkinen soldata %45 apalagoa dela salatu du ELAk

Sindikatuaren ikerketa baten arabera, enpresa batzuek etorkinak kontratatzen dituzte espresuki haien zaurgarritasunaz baliatu eta baldintza kaskarragoak eskaintzeko.

Arrazakeriaren aurkako ELAren kanpainaren aurkezpena. BERRIA
ELAk arrazakeriaren aurka abiatutako kanpainaren aurkezpena. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko apirilaren 9a
16:05
Entzun

Hego Euskal Herrian lan egiten duten etorkinek pairatzen duten «diskriminazioaren» inguruko txosten bat idatzi du ELAk, eta, haren arabera, behin-behinekotasun eta partzialtasun tasa askoz handiagoa da etorkinen artean. Soldatei ere erreparatu diete, eta, lagin mugatua izan arren, ondorioztatu du langile migratuek urtean 12.625 euro gutxiago irabazten dituztela batez beste. Halaber, nabarmendu dute emakumeen egoera are lazgarriagoa dela aldagai guztietan.

ELAk Hego Euskal Herriko langile etorkinen lan baldintzak aztertu ditu Guztion prekaritatea borrokatu, arrazakeriaren aurkako sindikalismo baten alde ikerlanean. Haren aurkezpenean azaldu du Hego Euskal Herriko biztanleen %13,6 etorkinak direla, eta haien artean %52,4 emakumeak. Zehaztu behar da ikerketak ez dituela etorkintzat jotzen Espainian jaio eta Euskal Herrira etorritakoak.

Hainbat daturi erreparatu die sindikatuak; esaterako, langabezia tasari. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren etorkinen artean %16,2koa da langabezia tasa, eta Nafarroan bizi direnen artean, berriz, %23,7koa. Etorkinak ez direnen artean, ordea, %6,3koa eta %9,3koa da, hurrenez hurren. Aldi baterako kontratazio tasari erreparatuz gero, EAEko langile migratuen kasuan %26,4koa da eta Nafarroakoenean %57koa. Datu orokorra %21ekoa da.

«Langile etorkinek ez dute nabarmendu nahi izaten. Kanporatuko dituzten beldur dira, eta hori da sindikatzeko duten oztopo nagusia».

MIRIAM RUIZ HERNANDEZLangile etorkina

Partzialtasunean ere alde handiak daude. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren migratzaileen %26,9 ez dira lanaldi osoan aritzen —emakumeen artean, %43,8 dira—, ezta Nafarroan bizi direnen %21 ere. Datu hori ematean ELAk nabarmendu du gehienak ez direla hala nahita ari lanaldi partzialean, eta batezbesteko horiek Euskal Herrian jaiotakoek dituztenak baino %50 handiagoak direla. Azkenik, eta Eustaten arabera, EAEn bizi diren migratzaileen %3,9 kontraturik gabe ari dira lanean. Atzerritarren Legearen eragina salatu dute hor.

Soldatetan ere bada aldea

Eta soldatak? Kalkulatzeko aldagai zailena da, ELAk azaldu duenez, ogasunek ez dutelako nahikoa datu ematen. Sindikatuaren arabera, «informazio fidagarri» bakarra Gipuzkoan bildu daiteke, eta, lurralde horretako ogasunaren arabera, atzerritarren soldata %45,3 apalagoa zen 2021ean. Bi gizataldeen soldaten arteko aldea 12.625 eurokoa da. Alde horiek ikusita, ELAk kanpaina bat eramango du 1.500 enpresatako atal sindikaletara, migratzaileek pairatzen duten diskriminazioa azaleratzeko.

Kanpainaren harira, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak salaketa larria egin du: «Gure eguneroko jardunean antzeman dugu enpresa batzuek etorkinak nahita kontratatzen dituztela eta lan baldintza prekarioak eskaintzen dituztela haien egoera zaurgarria baliatuz». Salatu du enpresa batzuetan langile guztiak direla etorkinak, eta Confebask eta CEN enpresari elkarteek «enpresa estrategia» hori nahita ezkutatzen dutela.

«Arrazakeria ez da bakarrik ultraeskuineko alderdien kontua: herri honetako erakundeek arrazakeria sustatzen dute beren politikekin».

MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia

Lakuntzak, halaber, Hegoaldeko erakunde publikoei egotzi die zaurgarritasun hori gainditzeko konponbiderik ez ematea: «Arrazakeria ez da bakarrik ultraeskuineko alderdien kontua: herri honetako erakundeek arrazakeria sustatzen dute beren politikekin». Zaurgarritasunaren gaian sakontzeko, migranteen bizi baldintzen inguruko datuak ere bildu ditu ELAk txostenean. Besteak beste, azaldu du muturreko pobrezian dauden bost pertsonatik lau etorkinak direla, eta, populazioaren %13,6 direla kontuan hartuz gero, batezbestekoa Euskal Herrian jaiotakoen artekoa halako bost dela.

Langile etorkinekin, «indartsuago»

ELAko afiliatuen artean, 6.000 dira migratzaileak —guztien %6 inguru—, tartean kanpainako aurpegietako bat: Miriam Ruiz Hernandez. Duela 13 urte iritsi zen Euskal Herrira, Nikaraguatik, eta duela bost afiliatu zen ELAn. Hark lan egiten zuen enpresak porrot egin eta kalte ordaina eskatu zuenean, jakin zuen jardun osoan egon beharrean erdian zegoela bakarrik. «Auzitara jo nuen, eta sindikatuaren babesa nabaritu nuen prozesu osoan. Harreman estua izan nuen bitartekari sindikalarekin».

Orain, ordezkaria da Limpiezas Abando enpresan, eta, azaldu duenez, uste du «beldurra» dela migratzaileak ez sindikatzeko arrazoi nagusia: «Hona iristean, ez duzu nabarmendu nahi: erakundeen, polizien... beldur zara, kanporatuko zaituzten beldur. Gero, behin lanean hasita, ez duzu nahi enpresariak jakitea sindikatu zarenik. Baina nik lankideei sindikatzea gomendatzen diet». Lakuntzak haren erabakia txalotu du, eta nabarmendu borroka sindikalak langile migratuak behar dituela, «haiekin indartsuagoa delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.