Evolus taldeko zuzendari nagusia

Ibon Olazabal: «Langile falta herri arazo bat da jada»

Olazabalek dio enpresa batzuk etsipenak jota eta eskariak onartu ezinda daudela, ezin dutelako langilerik aurkitu. Haren ustez, industrian baldintzak duindu dira, baina zerbitzuen sektorean bidea dago egiteko oraindik.

IBON OLAZABAL
Ibon Olazabal, Evolusek Bilbon duen bulegoaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Langileak bilatzea da Ibon Olazabalen ardura (Bilbo, 1977). Lan merkatuaren kudeaketaren adar pribatuan dihardu, Walt HR Evolus taldeak Bilbon duen bulegoan. Enpresak bi atal ditu: batetik, langileak aukeratzeko agentzia bat da, eta bestetik, aldi baterako lana eskaintzen duen enpresa bat. Lan merkatua aztertzeko ahots kualifikatua da harena.

Nola dago Euskal Herriko lan merkatua?

Talentua aurkitu ezinaren etsipena handitu egin da enpresetan. Arrazoi asko daude: demografia, ogibide batzuen desagerpena... Historikoki beti falta egon da tornularien, soldatzaileen, fresatzaileen... gabezia, eta erretiroekin areagotu egin da. Galdaragilerik ez dago, esaterako. 2008ko krisiaren ondoren, igeltsero askok eraikuntza utzi zuten, eta orain ez dago igeltserorik. Logistika, ostalaritza, zerbitzuak... goraka doaz, eta ez dute jenderik. Gero, belaunaldi berrien inplikazioa ez da berdina, baina hori, hein handi batean, enpresen errua da. Soldata garrantzitsua da, baina baita egitasmo interesgarriak eskaintzea ere, lantokiaren kokapena, ordutegiak...

Sektore askotan dago kexa bera: industria, eraikuntza, garraioa... Hainbestekoa al da hutsunea?

Bai, herri arazo bat da jada, baina atzerrian ere badute.

Zer sektorek du arazo gehien?

Denak kexatzen dira. Gu orain Haizea Winden aritzeko langile bila gabiltza, Bilboko porturako. 350 dituzte, eta beste hainbeste behar dituzte. Hauspeko soldatzaileak bilatzen ari gara, adibidez, eta behar baino askoz gutxiago daude. Baina ez Haize Winden bakarrik, sektore osoan baizik. Etsipena sumatzen dugu.

«Historikoki beti egon da tornularien, soldatzaileen, fresatzaileen... gabezia, eta erretiroekin areagotu egin da. Adibidez, galdaragilerik ez dago».

Zer-nolako langileak bilatzen dira gehien?

Fabrika espezialisten eskaera handia dago. Ogibide jakinik izan ez –soldatzaile, tutugile, fresatzaile...– baina denetarik egiten dakiten horiena: garabia erabiltzen dute, eskorga... Hori hor dago beti. Eta gero, ofizio jakin batzuetan aritzen direnak: soldatzaile bereziak, CNC tornulariak... Ingeniari informatikoak, elektrikoak eta bestelakoak ere bai.

Baldintzak izan daitezke gakoa.

Enpresetan bilakaera izan da, bai behintzat industrian. Urte batzuetan soldatak justu antzekoak izan dira, eta ikusi dute gehiago ordaindu beharra dagoela talentua erakarri eta talentu horri zurean eusteko. Mila euro irabazten zituzten ingeniarien aroa amaitu zen. Gero, lan bila dabilenak badaki enpresa bat nolakoa den hartan sartu aurretik. Googlen bilatu eta iruzkinak irakurrita, badaki enpresak kaudimena duen ala ez... Xehetasun asko zaindu behar dira. Lan eskaintza batek ordutegia, soldata eta zeregina baino zerbait gehiago izan behar du.

«Mila euro irabazten zituzten ingeniarien aroa amaitu da. Industrian ikusi dute hobeto ordaindu behar dela talentua zurean mantentzeko».

Enpresek langileak lapurtzen al dizkiote elkarri?

Bai. Bolada oso ero bat egon zen duela gutxi, enpresak elkarri jendea kentzen ibili zirena. Autogintzan-eta, tailer batetik bestera. Orain apaldu egin da joera hori. Baina enpresa batzuetan benetan etsita daude, proiektu edo eskari jakin batzuk atera ezinda baitabiltza ez dutelako jende egokirik. Hori oso tristea da.

Hezkuntza arazo bat da. Hezkuntza sistemak ez du langile trebaturik bermatzen?

Unibertsitate ikasketen olatu handi bat egon zen duela hogei urte. Abokatu gehiegi zeuden. Gero beste eztabaida bat da langileak sortzeko izan behar duen unibertsitateak, edo beste modu bateko behar batzuk asetzeko. Tira, edozein modutan, enpresen beharra eta ikasketen hautaketa ez zihoazen norabide berean, eta oraindik ez dira egokitu. Lehen mailako tornulari batek soldata hobea du hamabi ordu lan egiten duen abokatu batek baino. Nik uste dut apurka orekatzen ari dela, eta gazteek beste modu batera ikusten dutela lanbide heziketa.

Ibon Olazabal
Ibon Olazabal, bere bulegoan.
Estatistikek diote zerbitzuen sektorea hazten ari dela gehien. Hor ere arazoak al daude langileak aurkitzeko?

Pandemiaz geroztik, gure lan eskaintzen erdiak zerbitzuen sektorekoak dira. Sektore hori oso zabala da, denetariko bezeroak ditugu, eta askok baldintza oso onak eskaintzen dituzte. Industriak soldaten kontua duindu du, enpresetako lan itunei esker, baina egia da zerbitzuen sektorean oraindik ere hobetu egin behar direla eskaintzak. Saltzaile batek gutxieneko soldata jasotzen badu, ahal duenean utziko du lana, eta ez du eskarmenturik eskuratuko. Banaketa –edo logistika– gutxietsia dago, gaizki ordaintzen dute eta. Ostalaritzan, azkenik, ez dute hain gaizki ordaintzen, baina euskal herritarrentzat beti izan da azken lan aukera. Oro har, soldatarekin baino gehiago baldintzekin du arazoa sektore horrek: ordutegiak batez ere, ordu estrak...

Kexa horrek, baina, ez du islarik eremu publikoan. Osakidetza alde batera utzita, milaka pertsona aurkezten dira oposizioetara.

Guk txantxetan esaten dugu lehia desleiala dela. Enpresa bateko goi kargudun izan nahi ez baduzu, egun eremu publikoa erakargarriagoa da pribatua baino. Batetik, oso egonkorra da; pribatua baino gehiago. Soldata ere hobea da normalean. Eta kontziliatzeko aukera hobeak daude.

«Saltzaile batek gutxieneko soldata badu, ahal duenean utziko du lana, eta ez du eskarmenturik eskuratuko».

Nor dago langabezian egun? Zer-nolako ezaugarriak dituzte?

Nire ustez, lan egin nahi izanez gero, aurkituko duzu. Ez nuke nahi hau gaizki ulertzerik. Beste modu batera esanda: gaur egun ez baduzu lan egiten, zuk bilatzen duzun hori ez dagoelako da. Hori bai, agian ez duzu aurkituko nahi duzun horretan. Soziologoa edo kriminologoa bazara, eta horretan aritu nahi baduzu, zail. Baina lan baldintzei dagokienez eskatzen duzuna logikoa bada, eta ez baduzu lan egitea eragozten dizun arazorik, lana izango duzu. Gero, lanaren kalitatea ere kontuan hartu behar da, exijentzia, maila eta langilearen motxila pertsonala: seme-alabak, hipoteka...

Zer iritzi duzu Lanbidez?

Ez dela eraginkorra. Ez du enpresa pribatuak duen tentsioa, eta nabaritzen da. Lanbidera doan jendea bere beharra kudeatuko ez den irudipenarekin ateratzen da handik. Langabezia saria, diru sarrerak bermatzeko errenta eta horrelakoak kudeatzen aritzen da gehiago, eta ez dio hainbeste erreparatzen enplegu merkatuari.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.