Garai batean Sestaoko La Navalen jabe izan zen Izar Eraikuntzak enpresa zigortu egin du Bilboko epaitegi batek. Epaiaren arabera, Izarrek 195.000 euro inguruko kalte-ordaina eman beharko dio amiantoarekin kontaktuan egon zen 61 urteko langile ohi bati.
Langilea 16 urterekin sartu zen enpresan, eta han jarraitu zuen duela bi urte gaixotasuna diagnostikatu, eta gizarte segurantzak erabateko ezintasuna eman zion arte.
Auzitegiaren erabakia baliatuz, amiantoko biktimen Euskadiko elkarteak eskatu dio Jaurlaritzari diru funts bat sortzeko amiantoarekin lotutako gaitzak dituzten langile ohiei laguntzeko; izan ere, askok ez dute kalte-ordainik jasotzeko aukerarik, euren enpresak desagertu direlako.