Langile publikoei soldatak jaistea ez dela legezkoa uste du Auzitegi Nazionalak

Gaia aztertzeko eskatu dio Konstituzio Auzitegiari; hark iritzi bera emanez gero, aurrekaria finkatuko du

Erredakzioa
Madrid
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak zalantzak ditu langile publikoen soldata jaitsieraren zilegitasunaz. Funtzionarioen eta langile publikoen erregimena ezberdina dela dio. Hala, indarrean dagoen lan hitzarmen bat geldiaraztea, aldatzea edo indargabetzea ez dela konstituzionala uste du. Gaia aztertzeko eskatu dio Konstituzio Auzitegiari.

Txanponak egiten dituen FNMT enpresako langileek ipinitako helegitean oinarritzen da autoa. Funtzionarioei bezala, %5 jaitsi zieten haiei ere soldata. 1.700 langileren askatasun sindikalerako eta negoziazio kolektiborako askatasuna urratu duela esan du Auzitegi Nazionalak. Berdintasun printzipioaren hauste bat egon izana ere posible ikusten du. Izan ere, murrizketarik ez zaie aplikatu Renfe, ADIF eta AENAko langile publikoei.

Konstituzio Auzitegiak ere soldata jaitsiera ez dela legezkoa esaten badu, FNMTkoei soilik eragingo die neurriak. Alabaina, aurrekari bat finkatuko du, eta atzetik beste hainbat eta hainbat kasu etor daitezke.

CCOOk emandako datuen arabera, Espainiako eta Hego Euskal Herriko 420.000 langile publikori eragiten die zuzen-zuzenean. Defizit publikoari aurre egiteko neurrietako bat izan zen funtzionarioen soldata murriztearena. Maiatzaren 20an jarri zen indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.