Iraila baino lehen hartutako aldi baterako ezintasunen kasuan ez dute jasoko soldataren %100 langile publikoek. Irailatik aurrerakoetan bai, atzera eraginkortasunez. Eusko Jaurlaritzaren dekretuak ezarri du irailetik aurrera aldi baterako ezintasuna hartzen duten langileak izango direla soldata bere osotasunean jasotzen dutenak. Gaur, itzulketak egiteko agindua ematen duen dekretua argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Aldi baterako bajan egoteagatik funtzionarioei ezarri zitzaien "zigor hori" Patxi Lopezen gobernuaren aginduz ezarri zen 2012ko urtarrilaren 1ean, ELA sindikatuak gogoratu duenez; "ordutik hona, ELAk mahai orokorreko eta alorreko bilera guzti-guztietan erreklamatu dio Jaurlaritzari hitzarmenak betetzea, eta eskubide hori berehala berrezartzea".
Beraz, albiste gazi-gozoa da Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuarentzat. "Eskubide hori itzuli dela ikustea albiste ona da, baina berandu heldu da, herri-langileek 7 urteko zigorraldia jasan behar izan baitute inolako arrazoirik gabe, eta langileek ez dituzte berreskuratuko urte horietan jasandako murrizketak".
Hori dela eta ELAk eskaera garbi bat dauka: "Abenduko nominarekin batera irailetik murrizturiko lansarien diru-itzulketa ofizioz egiteko eskatzen diogu Jaurlaritzari; baina ez soilik irailaren 1etik aurrera hasitako baja prozesuei dagokienez, baizik eta 2018ko irailaren 1ean dagoeneko bajan zeudenei dagokienez ere bai".
Horrez gain, ELAk erreklamatu dio Gasteizko gobernuari azken urteotan murriztutako gainerako lan baldintzak lehengoratzeko, "eros-ahalmenaren galera (%15aren ingurukoa), Itzarrirako ekarpenak, erretiro-primak, lanbide-garapena...".